Dakienak dakiLiteratura

Arantzazu herri literaturan

Posted on

Arantzazu bi ezagutzen doguz gure inguruan, Arratian bata eta Gipuzkoan bestea, Oati ganean. Bigarren hori erromes leku izan dogu Euskal Herri osoko jentearentzat, Urkiola eta beste batzuk diran moduan.

Arantzazuko santutegiaren historia jakingarria da guztiz, baina hemen herri literaturan horrek euki dauen adierazpenera mugatuko gara.
Ama Birjina Errodrigo Baltzategiko artzainari agertu ei jakon, han ermitatxu bat egiteko eskatzeko. Bai egin be, herriaren erantzun gartsuari esker. Ermita horrek gorabehera asko izan ditu urteetan, behin baino gehiagotan erre eta barrien barri egin izan dabe.

Hori dana jasota dago, Aita Lizarralde frantziskotarra da historiaren aldetik gaia gehien landu izan dauena. Literaturan Salbatore Mitxelenak lan ederrak idatzi ditu Arantzazuri eskainita.

Herrian zabal ibili dira balada erlijiosotzat hartzen ditugun kantuak. Arantzazugaz lotuta, hasiera honeekaz ezagutzen diranak hainbat batu izan dira: Arantzazure egin dot promes, Eguna zala, eguna zala, Mundu honetan gura dabenak, Errodrigotxo Baltzategiko, Agoztuaren hamabosgarren, Birjina Amaren bezpera da ta.

Bilduma ederra argitaratu eban Labayru Ikastegiak Arantzazuko Frantziskotarrakaz batera Arantzazuko balada edo kanta zaharrak izenburuagaz 2003an. Hortik aukeratu dogu Labayru Ikastegiak batutako aldaera bat.

Agostuaren hamaboskarren (Bedia)

1
Abuztuaren hamabostgarren
Andra Maria goizean
Birjinearen debotatxu bat
joan zan erromerian.
2
Oinak ortozik zapata barik
abitu baltzez jantzirik
honek guztiok alda batera
Natibitate goizean.
3
Arratsaldean joan ein nintzen
ardian bila mendira
Birjinatxu bat topau nenduan
arantzan neuri begira.
4
-Derrodigotxu, Derrodigotxu,
erdu hona da entzuzu!
Aita zurea arotza da-ta
arren egizu mandatu.
5
Egin daiela ermitatxu bat
deritxotena Arantzazu.
Hiru lata ta zazpi teilatxu
arren asko izangoitu.
6
Hamaika amaren semeok bere
han izango dau ostatu
San Franziskoren semeok bere
Kalisfatuari debotu.
7
Inpernurako bideak dagoz
arantza baltzez eginik,
zeru altura bideak dagoz
harri labraduz eginik.
8
Harri labraduz eginik eta
erdian aldasgorea,
mundu honetan ondo egin dauanentzat
ez dago bide luzea.
9
Urre bietan sartuta dago
atetxu horren giltzea
zeruko salearen erdian dago
Birjina koronadea.
Salbe batekin enkomendatu
arren hiru abemaria.

Biltze-data: 1983ko urtarrilean.
Lekukoa: Joana Agirre, 65 urte, Bedian jaio eta Labean bizi.
Biltzailea: Belen Gerrikagoitia.
Iturria: Labayru Ikastegiko artxiboa.