Udearen sarrerako loraldian gagoz, euriteak gorabehera. Hogeta bostean Doniane. Astebete garrenera Doneperi, edo Jandone Peri, eta harik astebetera San Fermin, garagarrilaren 7an.
San Fermin, Nafarroako Erreinu zaharreko patroia dogu, Done Frantzizko Xabierregaz batera. Eta ez Iruekoa, askok uste izaten dauen lez. Irueko patroia San Zernin dogu, San Saturnino gaztelaniaz, Tolosako (Frantzia) apezpiku izan zana. Zemendiaren 29an zelebretan dan ospakizun horrek ez dauka gora ez ospe handirik Iruean, dana dala. Usainik be ez, Sanferminen aldean.
Gaur egun uda hasieran ospatzen bada be, XVI. mende akabura arte (1591) udagoien hotzean ospatzen zan egun handi hori, urriaren 10ean hatan be. Baina hile horretako eguraldi eskasa eta hotzak arrazoitzat ipinita, Irueko Udalak urte horretan baimena eskatu eutsan apezpikuari, garagarrilaren 7ra ekarteko. Edozelan be, San Ferminen ohorezko eleizkizunak zaharrak be zaharrak dira Iruean. Agirietatik dakigunez, XII. mendearen aurretik dogu euron lekukotasuna.
Ospakizunaren eguna aldatzeko eskabide horren atzean uritarren merkataritza arrazoiak be izango ziran, kontizu. Eguraldi onak erbeste jentea be errazago erakarten dau. Eta uztaileko egun horretan, gitxienez XIV. mendetik, beste ospakuntza bi egiten ziran Iruean. Batetik feria nagusiak, ganadu eta bestelako. Bestetik, zezenketak. Halanda ze, XVI. mende amaieratik hiru ospakuntza diferente egun berean eta aste berean batzen dira: zezenak, feria nagusiak eta San Ferminen eleizkizuna.
Sanferminetan badira errito eta kantu batzuk, gaur sakon sustraiturik dagozanak, baina berez hain antxinakoak ez diranak. Uno de enero, dos de febrero hasten dan Sanferminetako kanturik ezagunena, Leitzako seme euskaldun batena da. Ignacio Baleztena Azkarate (1887-1972). Abogadua, idazle eta poeta, folklorezale errimea eta politiko karlista ezaguna bere sasoian.
Nondik hartu eban Uno de enero horren doinua ez dago gatx asmatzen. Guztion ezaguna da gabon aldian gaur sano zabal dabilen Olentzeroren kantua:
Olentzero, buru handia, / entendimentuz jantzia,
bart arratsian edan omen du / bost arroako zagia. /
Oi urde tripandia, / tragatu baitu, / tragatu baitu, /
Oi urde tripandia, / tragatu baitu zahagia.
Bigarren partearen erritmo-doinuetan oinarritua da harako: A Pamplona hemos de ir, con una media y un calcetn. Umoretsua, benetan, Baleztena leitzarra.
Zezenketen aurrerapen gisa goizean goiz Estafeta kalean zehar eta zezenplazara arte egiten dan zezen aurreko arineketa horren aurretik San Fermini egiten jakon kantuak be badauka bere sustrai sendoa: A San Fermin pedimos, por ser nuestro patrn..:. Kontua da, euskerea be bidea urratzen doala San Fermin eta zezenketa giroan be. Euskerazko bertsinoa dauka gaztelaniazko horrek, 2009tik korrikalariek kantetan dabena:
Entzun, arren, San Fermin, zu zaitugu patroi, zuzendu gure oinak entzierro hontan otoi. Viva San Fermn! Viva!, Gora San Fermin! Gora!
Baleztena jauna izan zan Sanfermin inguruko errituala ugaritzen eta aberasten ahalegindu zan puntarengoetarikoa. Eta euskerazko hainbat berba txertatzen ditu, batzuk bereak, beste batzuk tradizinotik jasoak, Iruerriko giroan euskereak hondino bizirik dauen sustraiak gogoan izatera datozanak.
Badira pertsonai batzuk kilikiak deritxenak. Buruhandi eta erraldoien eta eurakaz batera iruindarren dantza eta festa giroa honelako koplakaz irudi egiten dau. Kopla baten hitzak, ondokoak: Los irunsemes arrapazales con los gigantes; / van por las calles, / brinca que brinca, / danza que danza / por Urraninda y Arriasoranza. / Y cuando llegan a San Martn, / plim!, / fuerte le atizan al chacoln, /grau! / cataplau!
Beste kopla batenak: Del cuello del gigantn / que iba danzando el primero, / zinzilicaba un cordero, / denominado toisn, / en la ciencia del blasn. Euskerazko zintzilikatu nafar gaztelanian txertatu deusku: zinzilicar.
Gure errefrautegian San Ferminen inguruko atsotitz askorik ez dogu topatuko, baina bat edo beste bai. Halan bizkaierazko bat, Azkuek jaso ebana: Txirrin txanketan, min dot hanketan, ezkonduko naz San Ferminetan (EY, 915 zb.)
Eta amaitzeko, Sanferminetako ganadu feria gogora dakarskun bertso famatu batzuk badira, Jean Battit Oxalde bertsogileak onduak, eta doinu diferenteekin hondino be kantatu eta interpretatzen diranak. Aspaldikoa da Xalbador bertsolariaren ahoz eta doinu patxadatsu batez ezagutu genduan bertsinoa. Oraintsuagokoa da Erramun Martikorenak doinu biziaz eta instrumentalizazinoz lagunduta, plazaratu euskun bertsinoa. Bertso ahapaldiak, betikoak:
1. Irueko ferietan. Iragan San Ferminetan, / Ehun zaldi arribatu Andaluziatik tropan, / Merkhatu eder bat zauntan, zaudelarik bi lerrotan.
2. Bat zen pikarta-xuria; hartan bota dut begia. / Andaluzak egin zautan bi untza urrhe galdia. / Eskain orduko erdia, harzak, hire duk zaldia.
3. Han nintzen arrapatua, aginduaz dolutua. / Urruntzeko izan banu hirur arditen lekhua, / Gizonez inguratua, iduri preso hartua.
4. Zeruko Jainko Jaun ona! Zerk ekharri nu ni huna? / Andaluz bat zazpi urthez presondegian egona; / Laburzki mintzo zautana; konda niri hitzemana.
5. ?Jauna, nahi dut pagatu, bainan lehenik miratu. / ?Zaldiaren miratzeko denborarikan ez duzu. / Orai soma kondazazu, gero miratuko duzu.
6. Han nintzan plaza bethean, jende hainitzen artean. / Gogoeta hau egin nuen orduko estremitatean. / Bertze nunbait pasa niro jaun hori pual batean.
7. Eman orduko khondua, eztitzen hasi mundua. / Garistutik hartu nuen delako behor mainkua. / Emanik behar dirua, hustu bainuen lekhua.
8. Utzirik bide ederra, hartu dut oihan bazterra. / Zaldia nuen desferra, begi batetik okherra. / Usu soinatzen kitarra, eztularekin uzkerra.
9. Belategiko bentetan pasatu nintzan andetan. / Ahal bezala arribatu Urdazubiko errekan,. / Zaldia sarthu partetan, athera nuen khordetan.
10. Nunbaitik argi aldera, arribatzen niz etxera. / Nere andrea ethorri zaut argiarekin athera. / Jarri behorrari beha, ez baitzen kontent sobera.
11. Horixe da behor txarra, eta bertzalde xaharra. / Hortan gastatu dautazu familiako beharra? / Bi sosetan sal nintzazke zaldia eta senharra.
12. Ixilik zaude, andrea; joan ez dakidan zaldia! / Bele eta arranoak borthatik daude gardia. / Othoi hil-zazu argia, hunat ez diten abia.
13. Ixilik zaude zu ere, gezurrik khondatu gabe. / Bele eta arranorik borthan ez baita batere. / Eginak gira gu ere estofa on baten jabe.
14. Plazan zutenean ikhusi, nahi zautaten erosi. / Tratuan bainitzen hasi, ez zuten emaiten aski.. / Ez nuen eskutik utzi, ume bat behar du hazi.
15. Jinen den ume berria, behor edo zamaria, / eginen baitut guardia, denez ama iduria. / Heldu bada handia, oi zer primako zaldia.
Iturriko
2014-07-04