Gure baratzetan, ortuetan, etxe aurreetan edo leihoetan lorak betirik izan dira apaingarri, gozamen handia emotekoak, gure eta auzoen begiei, eta batzuetan usain-lurrin atsegina inguruetara banatzekoak. Beti izan dira etxandera batzuk, euren etxe ingurua apain eta dotore erakutsi gurakoak, aldeko soineko, oinetako eta pitxiak diran hein berean.
Lora bat, lorea edo lorak bizkaieraz, lore batuaz eta flore ekialdeko testu zahar batzuetan.
Lorea urteko hileren bategaz lotzekotan, maiatzagaz egingo genduke. Ez bakarrik Ama Birjineari maiatzean eroaten jakozan lorakaitik, naturearen prozesuan be hile hori dalako lorak loran dagozan hilerik beteena, Lazarraga poeteak gogorazoten deuskunez: Maiatzeko lora ederraena. Antzera zuzen jako gure errefrau zahar bat maiatz pertsonifikatuari, hika esanaz: Maiatza, hire latza, lora asko doala (RS 269). Izan be, maiatzean hondino janaria eskas egoten zan, landa-zelaiak eder irudi egin arren.
Lorea aldi laburragaz loturik agiri jaku sarritxutan. Halan amodioa eta lorea alkarri dautsela agiri dira gure eta edonongo poesian, aldi gozoaren laburra, agian laburregia, penaz gogoratzeko. Gure amodio-kantu zahar batek dinoskunez: Amoren kontentuak eztaude irauten, / kanpoan lorak legez / dira galtzaiten (Mikoleta). Biziaren laburra irudi egiteko darabile sarri gure sermoelariek. Fray Bartolomek gogoratzen deusku: basoko lorea baizen galdukorra dala munduko ditxa. Birjintasuna, garbitasuna, zeruko grazia, inozentzia eta bestelako kontzeptu asko irudikatzeko gure tradizino eleizkoan sarritan.
Lorak dirala-ta, euron kualidade bi dira esanguratsuenak gure literaturan: kolorea eta usaina. Koloreen artean, zuria, gorria, arrosa, hori-beilegia, bioleta… Koloreok gizakiaren edertasunari dautsazala aitatzen dira batzuetan. Halan Apaolazak neskatila baten arpegikunearen bat-bateko aldaera dala-ta dirauskuna: Larrosa koloreko masalla ederrak biurtu ziran krabelia kolorekoak. (33).
Usain gozo kontuan lorak eta bedarrak sarri aintzat hartuak dira gure ele ederretan: menta, batana, aneta, kuminoa, osasunbedarra… ezagunagoak diran larrosa, krabelina eta beste batzuekaz batera.
Lora mueta batzuk izentauko ditugu ondoren, gure kantetan eta literaturan behin eta barriro agiri diranak, esangura zuzenaz batzuetan, baina irudi-esanguraz sarriago, edertasunaren adierazgarri.
Nork ez dauka gogoan harako: Larrosatxuak bost orri daukoz, krabelineak hamabi; gure umea gura dabenak / eskatu beio amari. Larrosa-krabelinak hor ditugu sarri, gure kopla-bertsoen edergarri eta irudigarri.
Larrosea eta krabelinea amodio giroan edo neska-mutilen arteko amodio giroan agiri diran batzuetan, larrosea emakumea da eta krabelinea gizonezkoa. Antz hori dario ondoko Durangaldeko dantza-kopla honi: Jantzarik jantza Anbotopeko / erromeridxen sanue! / Krabelintxu bat belarridxen da / larrosa bille banue.
Larroseari arrosa deritxo ekialdean, eta krabelineak beste hainbat izen ditu: julufraia, julufrina, ekialdeko ezagunenak.
Lilia ekialde zabalean lorearen izen generiko lez erabili izan da. Poesia generoan agiri da sarrien. Zuberotarrezko herri kantuotan, berbarako: Z zira, z, ekhiaren paria, / liliaren floria. (ChantP 116.), Buket bat igorri ditadazt lili arraroz eginik ChantP 116.). 190). Adibide biotan lilia lora adierazoteko darabil.
Erdi-sartaldeetako tradizinoan lirioa esaten jako, baina esangura espezifikoan, Iparraldean be lili-lorea esaten danean legetxe, gazt. lirio edo azucena dalakoaren ordainez. Literaturatik jasoak dira honako txatalok: Arrosaz, klabelinaz ta lili loreez iten den girnaldaz edo Balentin Enbeitaren bertso batekoa dan: Baratz erdiko lili usaintsu / urrezko orriz jantzia (hojas de color prpura).
Lili edo lirio muetak ugariak diranez, kolore bidez bereizten dira era batzuetakoak. Halan maiz izentetan da lili xuria, beronen irudi-esangurea umeekin eta umeen inozentziaz eta gardentasunaz loturik dagoala.
Ederrik ederrenaren konparagarri erabilia da maiz lirioaren edo liliaren irudia: emakumearena batez be poesian: lili eijer bat, emakume eder baten irudi; lirioa baino ederragoa emakumearen edertasunaren konparagarri. Baina liliaren usaina edo urrina be sarri ohi da mintzagai, urrin horren gozoa: Lirio baten usain gozoa / gelditu jatan buruan. (Eusebio M. Azkue PB)
Beste lora mueta batzuk be ezagunak dira gure literaturan. Halan Xabier M Munibek jazminak ditu aipuan bere Gabon Sarietan: Larrosa, klabelia eta jazmiak.
Kalak, uretako lirioak, gure eleizetako altara apainduakaz estu lotuta dagozan lorak, larrosa eta beste batzukaz batera. Eleiz jai handi baten zelebrazinorako edo Andra Mariari maiatzean eroaten izan jakozanak; edozelan be gure herri usadioan sakon sartuta. Eleizara zein eskolara eroaten zituen gure umeek hondino antxina ez dala Ama Birjinearen irudi aurrean maiatzean ipinteko.
Geranioari zangorri edo zaingorri be ohi deritxo leku banaketan, baina gure artean geranioa da izen ohikoa. Literaturan mehatz aitatua bada be, gure etxe inguruetan eta balkoi-leihoetan ugaria da, berariaz hemengo hotz eta eguraldi txarrai ondo jakiten jakolako. Geranioaren lorak be kolore diferenteetakoak izanik, ostarkuaren irudiko bariedadea eskeintzen deutse gure inguruei. B. Ametzagak inoan lez: Loretegian zangorriak, suarrostoak, arkakaratsak eta […] ortentsi eskergak ikusten ziran. (Egan 1964, 118).
Orkideak, gardeniak, begoniak eta beste mueta batzuetarikoak aipu deuskuez beste literato batzuek. Halan Arrosa politak, krabelina-liliak, / orkideak eta gardeni-begoniak, G.Aresti olerkariak (Maldan Behera).
Bioletak be ezagunak dira: Arrosa, klabelia, / bioleta, lirio (J.Vicente Echagarai 173.), eta maiztasunez alarguntasunaz, andra alargunaren irudiaz identifikatuak. Silvain Pouvreauk Philotea debozino liburuan dinoan lez: Egiazko alharguna da Elizan martxoko bioleta daritzon lore xumea, paregabeko eztitasunik banatzen duena bere debozionearen usainaz (Phil 421). Lora mueta honi lili-ubela izena be emoten jako.
Tulipak, idi-bihotzak izenaz be izendatuak, gure artean baino Holanda partean hurragoko ditue.
Bizkaiko klasikoetan ispligu lora muetea be izentetan da beste batzuen artean, gazt. espliegoren mailegua, erromeria-lora apaingarrien artean. Halan dinosku behinik behin Frai Bartolomek: Al dagijanak larrosia, kabelinia, ispliguba edo beste bedar usain gozoko bat buruban. (Olgeeta). Eta albaraka usain gozoduna be bai, gazt. albahaca: Belar edo lorea, / usai gozo fina, / ispligu, albaraka, / arros, klabelia (Echag 173).
Basalora batzuen izenak gehitu barik ez neuskio jardun labur honi akabua emon gura. Izan be, udabarrian gure landamin edo lantzarretan aurrez dakuskuzan bitxilorak edo txibiritak, gazt. margarita, zenbat umeren olgeta-lagun izan ez dira? Eta bitxilora horreek tamainu handikoak diranean Donian lora edo Sanjuan lora bihurtzen dira, gure etxe barruetan ontzietan uretan luzaro iraunarazoten deutsegunak, eta berariaz Sanjuan egunez gure etarte edo balkoietan beste mueta batzuetakoez batera erramileteak eginda eta leizar errama bati garri aldean dautsela loturik dakuskuzanak.
Basalarrosea be, arkakarats, astalarrosa, sasilarrosa edo txorilarrosa ohi deritxana, gure herri poesian, dantza-kopletan eta, behin baino sarriago aitatua da. Harakoan, esaterako: Sasien txorilarrosa, / zeure berbien donosa. / Zaldunak euki lezake / zeugaz ezkontzeko poza (Patxi Bilbao. Bargondia).
Otearen lora horia be herri-kopletan kantagai dogu. Durangaldeko dantza-kopla honetan, kasurako: Garaiko plazan otie loran, / Ermuan Asentsidxue. / Jantzan ikasi gura dabena / Berruetara beidxue.
Kalabazearen edo beste genero batzuen aihena be kantagai bihurtu da gure herri poesian, berorren lora beilegia dala-ta: Kalabaziek aidxena berde, / punten lorie beilegi, / txapel gorridun mutil horrexek / krabelinie dirudi (dantza-kopla). Krabelinia, duda barik, galai ederraren irudi.
Amaitzeko, loren inguruko gertaera batzuk gogoratu. Lorak potindu lehenengo eta loratu egiten dira gero. Iraupen laburrekoak diranek, azkenean zimeldu, eta batzuetan osoro galdu edo guztiz igartu. Berez izan galkorrak!
Lorakaz egiten diran lora-txortak aitatuko neukez azkenez. Erramiletea esaten deutsagu askok sartaldean, eta buketa ekialdean; mortxaka, sorta, eskutada eta bestelako izen garbiagoak gaur estimaduago dabilzan arren.
Asko da lorarik eta loren gaineko berbarik.
Iturriko
2014-04-02