Ei bizkaieraz eta omen gaineko euskalkietan, esaldian emoten jakun informazinoa zeharka jasoa dala adierazoteko txertatzen da aditzean, aditz jokatuaren aurretxoan. Ei edo omen hizkien bidez esatariak aitzen emon gura dauena da, informazino hori ez dala zuzena, hiztuna bera ez dala informazino horren iturria, beste norbait baino. Zeharkako informazinoaren iturri dan beste norbait hori ezaguna edo anonimoa izan daiteke. Ezaguna da ondoko honetan: Irratiak dinoanez, bihar eguraldi txarra eukiko ei dogu. Ezezaguna, anonimoa da beste honetan: Lapurretan harrapau ei eben. Nork harrapau eban, edo ez dakigu, edo ez deusku leba.
Ei honen erabileraz hiru zertzelada emongo ditut: lehenengoa, -la mende perpaus osagarrietan oker erabiltea; bigarrena, -la mende perpaus osagarrien ordezko lez ei erabiltea; eta hirugarrena, foku diran aditz trinkoetan ei darabilgunean ba- ez erabiltea.
Lehenengoa. Aspaldion ohiturea zabaldu da, ei edo omen zorioneko hori mende perpaus konpletiboaren barruko aditzean txertatzeko. Esateko modu zuzena izango litzateke: Ikusten egozanak dinoe uretara jausi eta bertan ito zala. Ikusten egozanak dira informazinoaren iturri. Kasu horretan ez daukagu ei-omen horren beharrik. Ez daukagu zertan esan: Ikusten egozanak dinoe uretara jausi eta bertan ito *ei zala. Hainbat okerragoa da beste batzuetan entzun edo irakurten dan beste desbide hau: aditz nagusiari zuzen eranstea ei hori. Honetara: Ikusten egozanak *ei dinoe uretara Esaldi horretan ei sartzeko bide zuzen bakarra, informazinoa dakarren esaldia nagusi bihurtzea, eta iturria adierazoten dauen aditza mendeko bihurtzea da. Honetara: Ikusten egozanak dinoenez, uretara jausi eta bertan hil ei zan. Hirugarren honetan bai, zuzen eta erara sartuta dago hizkia.
Zenbat okerbide hartu ohi diran gaur egun gure ikus-entzunezko hedabideetan, begi-belarrietan latz joten dabenak. Ondoko honeenak neu testigu: Egunkariak dino bere burua urkatu *ei ebala. Esan dute ez* omen dela horrela.
Bigarrena. Ei eta -la konpletiboko atzizkia dala-ta, bada estrategia polit bat, berbaz sarri entzuten dana, endemas jente edadekoari. Mende perpaus konpletiboaz emoten dan informazinoa la atzizkiagaz menderatu beharrean, ei hizkiagaz egitea, perpaus horrek nagusi irauten dauela. Tradizinoz arauturiko eredua honetara litzateke: Amak esan dau, berak ez dauela ezer jakin. Hiztunak, bizitasuna, arintasuna eta zuzentasuna emon nahirik, batzuetan honetara josten ditu perpausok: Amak esan dau, berak ez ei dau ezer jakin.
Antzeko kidetasuna genduke beste bion artean: Elik telefonoz deitu deust, oraingo barikuan ezin egingo dala afaria. Bigarren partearen beste alternatibak: …oraingo barikuan ezin egingo ei da afaria edo ezin egin izango ei da afaria.
Hirugarrena. Aditz trinkoa galdegai danean eta aditz horrek ba- aurrizkia eskatzen dauenean, ei edo omen sartu ezkero, hizki honek ordezko lanak egiten ditu eta ez da berez ba- aurrizki hori zertan txertatu aditz jokatuari. Tradizino adibide bi ekarri ditut horren erakusgarri: Omen dira sei ilabeteko lau, sei edo geiago onza prestatu dituenak, erdia geiago biurtzeko kargarekin, lau onzakogatik sei. Irabazi ugaria sei illabetean ateratzeko. Omen dira erriai premi estuetan dirua eman diezanak, euneko sei edo zorzian. (Agirre Asteasu II 188) Agirre Asteasuk ez darabilz ba omen dira… erako egitura astunak, gaur egun barra-barra entzun edo irakurten diran moduan.
Kirikioren ondoko adibideok be argiro erakusten dabe, gipuzkeraz legez, bizkaieraz be gramatika arau bardina izan dogula puntu honetan: Gizaburuagan ei egoan mutil bat, gorputz handi ta jasekoa, begirakuna bizi-bizia ebana (Bigarrengo Abarrak 61), Behin baten, honetariko mutil aldratxo bat, lau edo bost, ei egoan Urkiolako benta zaharrean (ibid. 165), Len aitatu dodan gabean ei egozan Urkiolako ostatuko suetean lau-bosten bat mutil gazte harrokeria erioela (ibid. 10)
Herri ipuinen hasieretako formulak be, alegiazko denporetara garoiezanak, alemanez: Es war einmal edo gaztelaniaz: rase una vez hasten diranak, Bizkai eremuan gaur be honetara entzuten dira sarri zaharren ezpanetatik: Ei egoan behin… edo Egon ei zan behin… aditz perifrastikoaz. Baina nekez entzuten da: Ba ei egoan behin edo antzekorik.
Ez dogu zorrotz epaituko, ba ei zan edo ba ei ebilen txartzat edo okertzat joaz, baina bai gogorarazo, gure tradizinoan eta ahozko usu seguruan, ba horren beharrik ez dabela euki hiztunek, ei edo omen txertatu ondoren.
Asko da gaurkoz.
Iturriko
2014-04-07