Abere, patari eta piztietan generoa bereizteko dogun baliabide orokorrena euskeraz, ar eta eme hitzak dira, edo bakarrean erabilita edota bata edo bestea, edo biak, abere-izenari atzetik dautsela. Txahal bat, ahume bat edo bildotsa jaioten danean, dakienak behingoan esaten dau: arra da edo emea da.
Ar eta eme bigarren osagaitzat erabilita hitz alkartu libreak eregiten dira edozein abere-izen edo pizti-izenegaz. Baina abere-izen jakin batzukaz, etxe-abereenakaz, beti ez dogu modu automatikoz ar edo eme izena atzetik eransten. Abere batzuen kasuan, batari bai eta besteari ez, edota batari sarritan eta besteari gitxitan eranstea gertatzen da. Zergaitik hori? Gehienean abere emearen izena generikotzat erabilten dalako, ar-eme guztientzat. Markatubakoak izaten dira izenok; halanda ze, holakoetan markatu gura danean bakarrik eransten dogu -ar (edo -eme) atzetik. Oiloarena da dinogunaren adibide en. Oilatoki baten oiloak izaten dira ugarienak, eta oilarrak bat edo gehienez be bi egoten dira. Oiloa ez da markatzen, baina bai oilarra: oilo arra.
Astoetan, batak zein besteak onartzen dabe alkarketa. Arra danean, astar edo astoarra esaten da, baina sarritan gizakien ganean dihardugunean. Eta emea danean, asteme edo aldaerak. Asteme, astoeme edo astaeme aldaerak antxinagotik eta ugariago dokumentaturik daukaguz. Larramendik hiztegian honetara dino romohitzean: «Zaldi ta astaemeagandik jaiorikako mandoa». Beste adibide batzuk: «Asteme bat loturik eta beragaz bere astakumia. (P. Astarloa UD I app.XXVI). Astaemeak pisu geiegi / eroian bizkar ganean. (J.M. Zabala Fab.).
Katuetan be antzera. Berbaz biak entzuten dira: katar eta kateme, zein bere aldaerakaz: katu ar batetik, eta kataeme, katueme e.a. bestetik.
Txakurretan be generoa ar-eme izenen bidez bereizten da, ez da beste modurik: txakur arra eta txakur emea, baina lexikalizazio maila ahula agiri dau hitz segida honek.
Txarria be izen generikoa dogu, eta izen banakoak diran arren ar-emeak bereizteko, eme lagun dala sarri entzun eta erabilten da: txarri emea lehian dago ahardi eta makera lako izen bakunakaz esangura eremu beretsurako.
Basapiztietan be erizpide bardina segiduko da: otsemea (/ otsoemea), hartzemea, azeri- edo lukiemea, oreinemea, lehoiemea, trigemea eta holan.
Satar hitza be erabilia da leku batzuetan, sagu arra adierazoteko, satabia sagu habia adierazoteko erabilten dan antzera.
Baina generoa bereizteko beste baliabidea, genero bakotxarentzat hitz diferentea erabiltea da. Gizakietan jazoten dan antzera jokatzen da abere mota batzuetan be, batez be etxe abereakaz. Goazen banan-banan:
Behi eta idi genero bereizgarriak dira, baina generiko lez ugariena erabilten da, behia. Idia, irenduta dagoanarentzat darabilgu orohar, eta behia zekortu edo idiskotutzeko, zekor edo idisko darabilguz, eta ekialdean aratxe (aretze), idi gazteentzako izendapenak, azken baten. Zezen be ar-izen orokorra da, jakina. Eme gaztea izentetako, bigantxa edo bigai (biga) ditugu. Txahal, kumeentzako darabilgu, ar zein emea izan.
Zaldi eta behor garbi bereizten dira, baina generiko legez gizarte batzuetan zaldi izena erabilten da, beste batzuetan behor izena. Ganadu aldrea daukanak behor ohi darabil gehiago: Behorretara noa. Behorrak basoan dira. Eta onomastikak be on egiten dau joera hori: Behorlegi, Beotibar, Behorreta… Bakarka izendatzen diranean eta abelzaintza mota horretatik kanpo zaldi entzuten da sarriago, eta konposatuetan be zaldi-karrera, zaldi-proba eta beste. Generikoa dogu moxala. Eta kumeak hitz alkartu bidez be izentetan dira: zaldikume, behorkume.
Ahuntz eta aker izenekin bereizten ditugu ar-emeak, eta generikotzat bat erabiltekotan, ahuntza egin ohi da. Giberri edo giberrito, urtebetetik gorako ahuntz gaztea izentetako erabilten da hainbat lekutan, batez be emea danean. Aketo, ostera, aker irendua izentetako erabilten da, -to atzizkiak balio hanpatzailea dauela eta ez txikitzailea, giberrito hitzean lez.
Kumeak genero bakoak dira orohar: ahume sartalderengotik hasi, antxume erdiragokotik igaro eta bitina/pitina ekialdekora arte, berbarako.
Ardi eta ahari be ar-emeak bereizteko izen banakoak ditugu, Ekialdean zikiro arrarentzat dogula, baina ardi orokorrean darabilgu sarritan, guztientzako. Sexu bereizkuntza, gazteagoetan be egiten da, batez be arren artean. Ahariaren ondoan aharitoa daukagu ahari gaztearentzat Bizkai sartaldeko partean, ahari berbea galdu dan eremuan, aharito erabilten da aharia orokorrean izentetako; hegaztietan oilasko izenak oilar galdu dan lekuetan honen esangura eremua beregandu dauen legetxe. Emeetan, ardi gaztearentzat badaukagu arkazte be, Hego Uribe aldean hondino be bizi-bizi dagoana. Kumeetan ez ohi da generorik bereizten: arkume/artxo txikienetatik hasi eta bildots/azuri hazitxoagoetara; ar-emeentzako zein berariaz emeentzako eurok izenok erabilten dira.
Eskualde batzuetan, sexuaren araberako oposizioak ere markatzen dira, hala ere: axuri-ahariko (/axuri), barro (/artxo), bildots-ahari (/bildots), primal (/beinardi), ahariko (/arkume), e.a.
Txarri edo urde izen generikoak dira, beste sinonimo batzuk diran moduan: lauoineko, belarluze e.a. Arrak izentetako izen diferenteak dira: apo (apote), ordots edo aketz, ezagunenak. Eta emeentzako, urruza (urrixa), ahardi, eta kumedun emeentzat makera edo txarriama (txerrama). Hor dogu urdanga be, berez urde emea adierazoten dauena, baina hedakuntza figuratiboz sarriago emakume bizimodu txarrekoentzako ohi darabilguna. Kumeentzat, txarrikume darabilgu gehien, baina ezagunenak dira: amabargo, eta Ekialderago bargo, bargasta, urdeto, zerrinko eta beste batzuk.
Oilo hegazti emeentzat ezeze, piloan eta orokorrean korraleko hegaztiak izentetako be badarabilgu. Bereiz marketan dana arra da, oilarra, Bizkaiko leku askotan oilasko hitzaz estaltzen da dana. Biak, edozelan be, arrak. Oilanda, -nda atzizkiduna, eme gazteentzako darabilgu.
Txorietan sexua bereizteko ar/eme hitzez ostean ez daukagu izen bereizgarri propiorik. Baina berariaz aitatzekoa da amea izena, kumeak hazten dagoan txori emea izentetako. Oiloetan, eremu semantiko hori adierazoteko, txitak hazten dagoan oiloa izentetako, oilalokea darabilgu.
Kumeak, gizakietan dala, abere-piztietan dala, generikoak dira guztiz, ez dago ar-eme bereizkuntzarik. Bardin da: txahal, bildots, giberri, astakume edo txita esan.
Basapiztietan ez daukagu izen bereizkuntza apartekorik. Eguneroko bizimodutik eta bizibidetik urrunago sentitzen ditu gizakiak zoologikoetan ez bada, eta ar-eme kontua lebabakoa ohi da gehienetan. Halanda ze, izen orokorraz aitatzen dira: azeri, basurde, otso, orein, basakatu, arratoi, hartz edo beste edozein izen generikoa dabe, eta sexuz seinalatzekotan, ar/eme izenakaz alkarkuntza eginaz markatuko da aurkaritza.
Dana dala, ar/eme sexu-bereizle diran izen orokorren ondoan, erdi sinonimotzat erabilten dira, abere bat baino gehiagorentzat, beste batzuk be, seguruenik analogia bidez. Halan urruzea, txarri emeari ezeze, beste etxe-abere batzuei esateko be erabilten da. Moxal urruzea esaten jako behorto umeari, adibidez, arrari moxal zaldia esaten jakon legetxe. Ordotsa txarri arrari esaten jako komunzki, baina hedapenez eremu zabalagoan be ezaguna da batzuetan.
Iturriko
2014-01-15