Dakienak dakiHizkuntza

Tripetako minak, tripalak

Posted on

Leku batzuetan esaten dana tripetako minak, beste leku batzuetan esaten da tripalak. Mina zer dan guztiok dakigu. Eta alak zer dira?

Minak eta alak gauza bera edo ia bera dira sakonean. Baina min hitza guztiok darabilgun moduan, ala berbea zahar geratu da, zaharkituta. Baina ez guztiz hilda.  Guk txikitan Morgan tripetako minak esaten genduanari Urdaibai aldean tripalak esaten deutsie, leku askotan behintzat. Halan ikasi dot nik.

Berba alkartu barruan iraun dau kasu honetan ala izenak: tripalak esaten da leku batzuetan, tripakalak beste batzuetan.

Klasikoen artean buruko-alea edo buruko alaka da sarrien irakurten dana, ‘buruko minak’ esateko. Halan Mateo Zabalaren idatzietan: “eta buruko ala andiak […] ikusi bearko dozuez” (Irun 116). Baina esangura zabalagoaz be bai: “betiko su, neke ta ala ezin gogorragoak” (Irun 122).

Min-alak izen alkartua be, geminatu semantiko tipokoa, ezaguna da, ‘penak’ edo ‘pena biziak’ aditzen emoteko.

– Alea edo alak euki, zeozeren mina, zeozerk eragindako mina dagoanean esaten da berariaz. Ibarrangelun baturiko esaldi bi: “Buruko aleaz dago” eta “Ala handiekin dago” (Dom.Zuluaga. Ibarrangelu). Azkuek bere hiztegian: “Buruko ala andia (V-ger), gran dolor de cabeza” (Dicc.).

Baiezta daiteke, lehenago mina eta alea ez zirala beti bat, edo guztiz bat. Alea, edo alak, gorputzekoak dira berez, eta mina baino biziagoa da alea. Halan dirauskue klasiko batzuek. Larramendik: “sabeleko ala, alea”. Eta Pablo Astarloak, zehaztasun gehiagoz: “Alia entre nosotros significa lo que en castellano ‘dolor vivo’ ” (Discursos 581). Añibarrok be, bide beretik: “Dolor […] intenso, (V) ala, min-ala” (Boc), eta: “Doler […], si es con intensión, aalak, min alak izan” (Boc).

Idazle klasikoen erabileran, gaur dan baino arean ugariago agiri jaku ala berbea. Mogelen pasarte hau da erakusgarri on bat, alaz beterik esapidearena: “Zeuk mankau dozu atso gaixua, ta isten dozu alaz beterik eriotza gogor baten atzamarretan” (PAb). Frai Bartolomeren idatzietan be ugaria da: “Alborenguak, palta bagako buruko alaak, jan ezinak, lorik ezinak ta beste asmau legizan gorputzeko gatxak” (Ikasik II). “Duda bagarik gomuta onegaz gozatu ta arinduko ditu gaixoak bere gorputzeko minak ta alaak” (Ikasik III). “Minagaz ta aleagaz seinak egin bearko dituzu” (Ikasik III). “Aurmin andiak edo seingintzako ala gogorrak” (Pedro Astarloa UD I). Eta bardin J. A. Uriartek: “Bat batera artu ebeen min, ala ta oiñaz edo dolore portiz eta ikaragarri batzuk” (Mariaren Illa).

Klasiko modernoen artean aitatu daiguzan bi: Iturzaeta: “Su amatauezingarriak edo itxungiezingarriak emoten dituzan berotasun, neke, ala eta tormentuak iragoten egotea. (Azalduera). E. Erkiaga: “Hala ta bere, nagi bai nagi jagi zan ta minaren errealdia, zauriaren alea minsor ebalarik, haginak estututen zituan, nekeari eutsi nahirik” (Batetik Bestera).

– Aditz modura, alatu, ‘mindu, minberatu’ esangureaz, hondino be entzuten da herri batzuetan, baina esangura bereziagoan. Min fisikoagoa danean, baina berariaz gorputzeko parteei buruz: ‘minberatu, sortu (gorputzeko parteren bat); ‘entumecerse un miembro’. Mendatan baturiko esaldia: “Atzamarrak alatu jataz, uragaz ibili nazanean” (Mendata). Eta atzerago joanda, klasikoen artean be bai: “Alatu, adormecerse algún miembro a causa del exceso de dolor» (Astarloa Discursos). Oraintsuago, Azkuek: “Entumecerse un miembro” (Dicc.). Oñatiko berbetan be bizirik dirdau adiera honek: “Eskúak alátu, alakétan xat, dolerse de frío” (C.Izagirre ArOñ). “Eskúak aláketan xat, se me quedan las manos doloridas de frío”.  Literatura modernoan E. Erkiaga dogu erreferente on bat: “Hotzez alatuta, esku ta oiñak otzak gogortuta zituenetan, zerbait zuzpertzeko ta berotzeko besoez bular-bizkar ukaldika jarduten eben mutil eta gizonak” (Arranegi).

Mina gogoagazkoa, psikologikoa be izan daiteke, jakina. Mateo Zabalaren pasarte honek horretara garoaz: ‘nahigabetu’ ‘burua hausi’ adierara: “burua alatu, bakea galdu, oneek dira auzien irabaziak ta ondasunak” (Irun).

Alagarri adjektiboa be ezaguna da, ez hain erabilia baina. Errefrau baten barruan ikusi dogu: “Etxe hutsa alagarri, betea kontsolagarri”. Alagarri, erosta eta kexarako bidea.

Alaka adberbioa be entzuten da hondino leku batzuetan: ‘aieneka’ esateko.

Eta badogu oraindino ala izenaren forma eratorri bat, alamena, beste guztiek baino biziago dirauena hizkera batzuetan. Urdaibai aldean gitxitan entzun izan dot, baina Bermeo, Mundaka eta inguru horretan, Otxolua lako idazleak barru dirala, sarri darabilen berbea da alamena, gazt. ‘incordio, pelmada, lata, pesadumbre’ adiereagaz. Alamena emon, ‘buruausteak emon’ adiereaz. Alamena emon deust: me ha dado la lata.

Alamen izenak badau osterantzeko esangura bat be, ‘txutxumutxua, esamesa, marmarra edo murmurazinoa’ dalakoa, klasikoren batean edo bestean agiri dana: “Areanzaz beti gure nagusi, / alamenean ezteust itxi” (Barrutia Acto).

Eta akabukoz, alamen adjektibo kategoriaz be ezaguna da, lagun bategaitik esateko ‘gogaikarria, astuna’ dala: Kendu zaitez ondotik, alamenekoori!

Adolfo Arejita