Harro berbeak esangura diferente edo hurreko ugariak ditu. Baina guk, errefrau eta esaeren kontuan, ‘harrokeria, harroputz, handigurako, burueretxi’ esangurakoetara mugatuko dogu arloa: gizakion kualidadera; batzuetan neutro edo positiboa, baina gehienetan txarresteko horren alderdira. Gaztelaniaz ‘orgulloso’ eta ‘arrogante’ diran moduan.
Azkuek batu eban bategaz hasiko gara: “Harroa, bai harroa, hegoaizeak deraman orbela bezelakoa” (EY 1949). Haizeagaz erkatzen dau atsotitz horrek harrotasuna, edo harro izatea. Buruaren arintasunaz: haizeak daroan orbela arina dan moduan, batzuen burua be halakoxea dalako irudiaz.
Harro diran edo harrotzat dagozan lagunen ezaugarri txarrestekoen artean aitatu leitekez:
– Inoren edo besteren alde onak bereak balitu lez erakustea, halan ez dala: “Gizon harroak egiten du, besteren isatsarekin euliak bialdu eta besteren lumakin apaindu” (EEZZ 1349). Beste era honetara be esaten dana: “Harroa, inoren isatsarekin euliak kendu eta besteren lumakin apaindu” (Atsot 6418).
– Harroa danari be neurria hartzen jakola aurrerago atzerago: “Horrentzako ere izango dituk neurriko botak” (EEZZ 1350), hori adierazoteko irudi bat. Harro izan beharraren izan beharraz beti baragarri: “Beti harro gure ta beti txarto” (Atsot 6411).
– Pobre izanda harrotasunak ganez egiten deutsana baino lagun modu txarragorik ez ei dago, behin baino gehiagotan agiri dan mezua: “Pobre harrorik baiño txarraurik eztau” (Atsot 11344), “Pobre harroa baino txarragorik ez da” (EEZZ 2512).
– Gaiztotasuna eta harro-izatea lagun beraren ezaugarri diranean ei datoz ondoriorik txarrenak: “Gaizto harroa, txarrena” (Atsot 5235).
– Harro itxuren ostean debilidadea, ahultasuna ezkutetan dala sarri, atsotitz bat baino gehiagotan agiri dan mezua. Bizkaiko esaera baten berbak: “Guztietan harro ta danetan baperez” (Mokoroa OE 36082). Edo beste era batera: “Harroaren putzak merke saltzen” (Atsot 6423). Konparantza indartsua darabil, harro diranen ezereza salatzeko, orbelaren natura-irudi honegaz: “Harroa, aizeak daraman orbela” (Atsot 6415). Eta bada beste bat, ironia gehiagoko eta maltzurtasun biziagokoa, kanpoan burua harro erakusten dauena etxean mantso eta buru-makurrik ibilten dalakoa darakusana, andrearen esanera: “Lehen harro zana, emaztean esanetan otzana” (EEZZ 11927).
– Harrotasunak, harro-izateak, bide laburra izaten dauela adierazoten dau hurrengo honek: “Ezerezen harrokeria ta txorokillen sua laster amaitzen dira” (Mokoroa OE 35914). Txorikila, burutxeari (artoarenari) esaten jako. Arin sua hartu, baina segiduan amatau. Eta harro danari oker urteten deutsela, berak askotzat edo handitzat dituan asmo eta eretxiak: “Harroari berak uste ez dun tokitik jotzen dio kukuak” (Atsot 6424). Eta modu gordinagoz salatzen dau harroaren jauskerea beste honek: “Harroa zeru gainera hegaldatu eta ifernuan amildu” (Atsot 6419).
– Herri- eta hauzo-izenakaz jokoa eginez eihoriko errefrauak be badira. Halan harroa Urolako Arroa (lehen Arrona) izenagaz: “Arroarrak harro, zestoarrak zesto. Arroarren hondakinak zestoarrek jango, baina ez emango” (EY 1511). Halan jaso eban Azkuek aspaldi.
– Oilarraren orroa, desorduan egina, sorgin harroagaz irudikatzen dauen bat be bada: “Gaueko hamabietan oilarraren orrua, inguruan izango dek sorgin harrua” (EEZZ 1252).
– Barrutik harroa dana jakitun izaten dala, lege-babesaz jokatzen dauela: “Barnea harro duen alkateak, aztaparretan ditu legeak” (Atsot 626).
– Palagari, losintxari, koipe-emoileek lagun harroagi eder egiten deutselakoa dino: “Loxinkariak harroen bizkarretik bizi dira” (Atsot 9115).
Kualidade txarren artean nagusietarikoa da harro izatearena, eta goian ilaratu diranez gainera beste hainbat alde txar garantzen dituen beste edozenbat errefrau dira, oraingoz bazter lagako ditugunak.
Adolfo Arejita