Esaldi horretan aditz jokoa, iraun, singularrez markatuko neuke: hilabete bi iraun DAU eta ez hilabete bi iraun DITU. Zein da arrazoia?
Teorian, hilabete bi dinogunean, berez bi dira hileak, eta ez bat. Teorian, bitasun horrek plurala eskatzen dauela pentsau lei, eta gramatika legez aditz jokoan islatu beharko litzatekela hile bi izate hori, ditu aditza erabilita. Baina hori teorian, praktikan ez dago horrelakorik.
Iraun aditzaz DAU erabiliko genduke laguntzailetzat, eta ez iraun *DITU. Denporea, aldia, unidade bakarra da kontzeptu aldetik: denporearen iraupena bakarra da, kontzeptu aldetik hilabete biko iraupena adierazoten da hor. Eta iraun aditza ingurune horretan baino ez dogu erabilten.
Zenbat urte iraun dau? esaten dogu, eta arraroa da: zenbat urte iraun ditu. Luzaro iraun dau gaixorik, edo: lau urte iraun eban bizirik esango genduke, baina ez iraun ditu ez antzekorik.
Denpora-unidadeak (egun, aste, hile, urte…) berariaz markatu nahi diranean, beste aditz bat erabiltera jo behar da. Halan egin aditza, kasurako: bost urte egin zituan Ameriketan.
Zenbat denpora iraun? Ordu, egun, urte… Geure idazle bikainen ereduetan dogu irakatsirik garbiena. Hara idazleon testigantza batzuk, eta guzti-guztiak osagarria dan izenari jagokon aditz jokoa singularrez dabela: “Iraun dute hogoi eta hamar hirur urthe” (Mihura 100). “Berrogei egun eta gau, bein ere atertu gabe, iraun zuan […] euri-jasa ikaragarri batek” (Ubillos). “Iraun zuen oitura santu onek eun urte baiño zerbait geiago” (Mogel CC). “Lau egun iraungo daben bizitzea gaitik” (Añ LoraS). “Zeinak iraun baitzuen hirur hogoi eta hirur urthe bederen” (Duhalde 263). “Bost urte iraun eban […] gerra onek” (Astar UD II VII).
Adolfo Arejita