Dakienak dakiHizkuntza

Gehiketa ETA batuketa

Posted on

Matematika eskoletan nahastea dago leku batzuetan antza: batzuk batuketa, beste batzuk gehiketa darabilela eta. Gaztelaniaz ‘suma’ eta ‘sumar’ operazinoak diranentzat.

Zientzia mailan eta irakaskuntza mailan forma bakarra irakatsi behar da, eta, oker ez banago, batuketa da zabal onartua dagoan izena, eta operazinoa zelan egin, batuketa (edo batuketak) egin. Tradizino bat egina dogu arlo horretan, XX. mendean finkatu izan dana. Gudu aurrean be bai apurren bat, baina batez be gerra ostean, euskerea eskolan sartu zan alditik aurrera, eta horrek ez dauka atzerarik.

Gudu aurrean be egin ziran ahalegin batzuk, zientzia mailako kontzeptuak finkatzeko. Hara, 1917an, Euskal Esnalea aldizkarian zer irakurten dan: “Baiña orrela tolesketaargibidea (tabla de multiplicar) egin ezkero, batuketa-argibidea (tabla de sumar) nola atonduko dezu?” (EEs 1917, 105).

Gerra osteko beste pasarte bat: “Zenbakiak, batuketak, eta euren izen abizenak egiten eta idazten etxian ikasita” (Tomas Gerrikagoitia 26).

Zer esan gehiketa terminoa dala-ta? Tradizinorik ez dau agiri euskera idatzian izen eratorri horrek, gehiketa izenak. Gehi oineko hitzik ezagunena gehitu aditza da, eta izen kategoria lez gehitzea, baina ez gehiketa. Izen eratorri hau guztiz modernoa da, eta analogiaz garatu da –keta erantsita, beste batzuen (batuketa, kenketa…) taiura.

Matematika arloan sartu dan hitz laburtu bakarra gehi da. Kopuruen arteko batuketa edo ‘suma’ egiten danean, zenbaki biak alkartzeko:  lau gehi bost, bederatzi, edo: ehun gehi berrehun: hirureun.

Gehiketa izena, gazt. ‘suma’ horren ordez argia eta gardena da berez, erraz ulertzekoa, baina termino zientifikotzat hautatu danak beste bide batetik jo dau: batu eta batuketa hitzen aldetik.

Bide batez gogoratzeko zertzelada bat, gehitu aditzaren esanguren inguruan. Badau esangura jakingarri eta bitxi bat, gitxitan aitatzen dana, eta da: kantidade edo kopuru bat, dan baino gehiagotzat erakustea, esajeratuta lez agertzea. Gure idatzi batzuetatik hartu ditut: “Inoren paltak geituta esaten dirianian” idatzi eban frai Bartolomek (Ikasik II). “An entzuten dabena / geituta esaten dau”, idatzi eban Eusebio M. Azkuek (PB 238). Eta hirugarren bat, Azkue semearena: “Neronek asmatu edo beintzat geitu ditudala esan eztezazun” (Ardi galdua).

Adolfo Arejita