Errefrau zaharra RS bildumakoa da, XVI. mende akabukoa. Eta bere hitzek, taiu zaharrekoak, dinoe: “Atorren baxen urrago narrua”. Eta gaztelaniaz: “El cuero más cerca que la camisa» (RS 281). Baxen lotura-hitzak goranzko konparazinoa adierazoten dau hor, adjektibo edo adberbio konparatuan -ago atzizkia lagun dauela, eta ez baizen/bezain lotura-hitz horrek ohi daukan bardintasun-konparazinoko balioa.
Esakuntza honen esangurea garbia da: norbere burua onik izatea dala behinen. Behinagoa dala geure soineko haragia, soin gainean daroagun ator, alkandora edo edozeinbere janzki baino.
Beste era batzuetara baturik be agiri da, irudi berberak erabilita, errefrau hau. Azkuek batuak dira hurrengook. Bat: “Atorra hurren, larrua hurrenago”. Bi: “Atorra hurbil, larrua hurbilago”. Hiru: “Atorra hurran dana, larrua hurranago” (EY 1981). Beste era batera formulaturik baturik dakarre A. Zavalak eta G. Garatek: “Denek larrua atorra baino hurbilago” (EEZZ 714) (Atsot 8883).
Iparraldeko atsotitz zahar batek ere, irudi berberakaz, beste era honetara dino: “Atorrak hunkiten, bana aragia etxekiten” (Atsot 1557). Iparraldekoa dogu hurrengo hau be, mezu bera beste berba batzukaz espresatzen dauela: “Auziaren buruan galtzalea larru gorri, irabazlea atorra has” (Atsot 1670).
Bide batez gogoratzekoa da atorra mintzagai daben edo iruditzat darabilen beste bitxi hau be: “Jakin ez dezala atorrak zure asmoa” (Atsot 1556). Eta bilduma zaharrean agiri dan beste hau: “Errefrau barruan atorra: “Txamaratilla andia ta atorra txantxarduna” (RS 168); kanpotik eder eta barrutik arlote.
Atorra zeri esan izan jako gure hiztunen artean? Alkandora moduko bat, baina zelangoa, zetarikoa? Azkuek, gizonezkoen zein andrazkoen atorrak ohi dirala zehazten deusku: Gizon-atorra, camisa de hombre. Emazte-atorra, camisa de mujer» (Dicc.). Eta atorraren ezaugarriak zehaztu orduan dinosku: “Propiamente hablando, atorra, en V, es ‘camisa inferior’. Antiguamente la camisa se componía de dos piezas: una que llegaba del cuello a la cintura y se llamaba sakota (V-m), samatilla (V-m), txaramel (V-gip); otra que bajaba de la cintura y se llamaba atorra» (Dicc.). Lazarraga arabar poeta goiztarrak kantatzen dau kopla baten: “Banekike goruetan / gonearekin atorrea”, gonea eta atorrea esateko. Kasu honetan emaztekien soinekoak.
Nafarroa Beherean, ostera, gizonezkoenari ei deritxo Azkueren esanean: “Camisa de hombre en Garazi, donde la de mujer es mantar” (Apend.).
Adolfo Arejita