«Beharbada beranduko autormena da, papereko euskarria baino euskarri digitala nagusi dan aldi honetan, Labayru Fundazioaren Euskal Bibliotekari Ander Manterolaren izena ipintea. Baina ez da erraza izan oraintsura arte, Euskal Biblioteka eta Ander Manterola bat izan diranean. Biblioteka hori birbateatu beharrik ez da izan, sortzailea eta sorturikoa bat eta bera izan diranean.
Gertaerak, ostera, euren ibilian historia bihurtzen dira, eta ibiliaren porasuz historia lausoan geratzeko arriskua izaten da. Horregaitik da orain, inoiz baino preminazkoago, Ander Manterolaren gomutaz lotzea Labayru Fundazioaren Euskal Biblioteka, bere lehena eta oraina.
Liburutegia 1970. urtean sortu eban Anderrek, hutsune eta premia gorria sentidu zitualako bere inguruko gizartean. Orduko Derioko Seminarioan euskera eskolak emoten hasiak ziran. Derioko Udako Euskal Ikastaroa be uda horrexetan hasi zan. Karmelo Etxenagusia, bere bizkaierazko eta gipuzkerazko Lorategiak atera barri egoan. Mikel Zarate be, Bizkaiko Euskal Idazleak obra apaina argitaratu barri.
Baeukan non sustraia hartu: Andres Mañarikuak Seminario Nagusian emondako lehenengo pausuetan. Gabirel Manterola osaba liburuzalearen ondarea izan zan beste oinarrietariko bat. Hainbat personaren emaitzak etorri ziran gero Euskal Biblioteka hori aberastera eta sendotzera.
Ander Manterolak berak sortu eban Derioko Euskal Ikastaroak be hornidu eban hasierako urteetan preminazko ziran liburuak erostea. Eta behin Labayru Ikastegia eratu ezkero 1977an, eskuarte hobeaz osotzen joan da hamarrurte luzeetan Euskal Bibliotekaren liburu, aldizkari, eskuizkribu eta gainerako dokumentazino ondarea.
Beste liburutegi askok baino ikuspegi zabalagoz eta sakonagoz osotzen jakin dau Ander Manterolak Labayrukoa.
Hasieratik bertatik, euskal hizkuntza eta literatura ezeze, etnografia eta historia izan ditu beste zutabe sendoetariko bat. Eta Euskal Herri historikoaz haruntzago, inguru hurreko biblografia hartu izan dau.
Hemeroteka izan da ondo jagon dan beste osagarri bat. Paperezko euskarriaz gainera, irudiari be ardurea hartu izan deutso; eta azken urteetan ikus-entzunezkoen arloak gero eta pisu handiagoa hartu dau.
Deriokoa beste biblioteka batzukaz saretzen egin dauen ahalegina be ez da txantxetakoa: Sancho el Sabio eta Lazkaogaz batez be. Alkarlana eta alkar-aberaste lana.
Laguntzaile talde galanta inguratzen zuhur ekin deutso luzaro Anderrek. Kartelak, liburuskak, orriak… zer ez ete dabe batu Derioko Bibliotekarako kide nekaezinek?
Ander Manterolaren izenaz birbateatzea Derioko Euskal Biblioteka. Zer gitxiago egin eikean Labayru Fundazioak hori baino!!! Zorrak ez dira horregaz kitutzen, baina memoria gorde bai gitxienez.
Euskal bibliotekagintzaren historian ondratua geratuko da Ander Manterolaren izena, gure eretxian, arlo zabalagoan be autormen sendoa merezi dauen gizona.»
Labayruko Batzar Nagusian, Anderren omenez irakurritako testua.
2024ko apirilak 22