Erderaz bada lokuzino bat, horren irudi beretsuaz: “Hacer leña del árbol caído” deritxona.
Errefrau zaharra, bai gaztelaniaz, bai euskeraz. Esakuntzea ez da bardin formuletan hizkuntza batean eta bestean, baina azpian datzan mezua berbera dala esan leiteke. Gaztelaniaz, errefrau osoa: “Del árbol caído, todos hacen leña”.
Euskeraz dogun errefrau zaharrena XVI. mende akabuko RS bildumakoa dogu seguruen: “Jausi din ezkurra oroen su egur”. Gaztelaniaz dino: “El árbol que cae, de todos leña de fuego” (RS 198). Ezkurra, euskera zaharrean ‘arboleari’ deritxo, gerora haretx eta antzekoen fruitua, gazt. ‘bellota’ izendatzeko nagusitu dan lez.
Mende bat osterago edo, Lope de Isasti gipuzkoarrak bere errefrau-bildumatxoan era honetara idatzi eban: “Aritz eroriari orok egur”. Eta gaztelaniazko ordain gisa: “Al roble caído cualquiera quita la leña”. Batean ezkurra aitatzen da, bestean haretxa, baina bi-biak ‘basoko arbolea’ izendatzeko.
Askoz oraintsuagokoa dogu, gudu aurrean Euzkadi egunkarian idatzirik agertu zan errefrau berorren aldaera hau: “Jausiriko ezkurra guztien su-egurra”. Honek be gaztelaniaz dakar beronen esangurea: “Del árbol caído, todos hacen leña” (Ekitz Euzkadi.).
Arbolea, behin jausi danean, usteldu egiten da lurraren gainean apurka-apurka, bustitasunak eraginda. Eta arbola ustelaren irudiari oratu deutso beste aldaera batek: “Arbola ustelean, egurra aixe egiten” (Atsot 1052).
Sartaldeko berbeta bizitik batuak dira, jausiriko arbolea ointzat hartuta ondu diran hurrengo errefrau biok. Batak dino: “Lurrien dagon arbolatik danak egurra ein” (Atsot 1056). Eta besteak: “Botata dagon arbolatik egurra listo egiten da” (Atsot 14344).
Bada errefrau bat, jausi dan arbolea barik, arbola txikia aitatzen dauena egur egiteko egokientzat. Aldaera batek dino: “Arbola txikian danak egurra egin.” (Atsot 1051). Eta beste batek: “Arbolik bajuenean egurra egiten da” (EEZZ 191). Izan be, txikiak edo bajuak beti dauka indar gitxiago, handia danak baino. Gaztelaniaz be, ‘txakur argalaren’ irudipean antzeko mezua adierazoten da: ‘txakur argala zorriz betea’ dalakoa: “A perro flaco, todo son pulgas”.
Giza hartuemon eta interes tirabiretan nekez joten dau inork indartsuago danaren aurka. Baina erraz, ahula danaren kontra. Arbola jausia, haritz eroria, arbola txiki edo bajua irudi indartsuak dira gizakion izaerak neurtzeko: lehen indartsu edo boteretsua izan dana, baina gaurrera ezkero makaldua, erkindua, indargetua dana. Orduan eraso ohi jakola halakoari.
Adolfo Arejita