Ze aukera ditugu euskeraz, gaztelaniaz “en comparación con” esaten doguna euskeraz zuzen esateko?
Orain hizkera landuan, hedabideetan eta, sarri darabile alderatu aditza, ‘konparatu’ ez erabilteko. Eta gaztelaniaz ‘en comparación con’ egiturearen bardin egin gurarik, zegaz edo haregaz alderatuta eta horreetarikoak irakurri eta entzuten dira. Gure itauna da, ostera: alderatu ordez konparatu erabiliko bagendu, huts larriren bat egiten ete da ba! Ezetzera nago.
Baina baditugu beste egitura batzuk, herri-berbetan ia egunero darabilguzanak, ordaintzat jo geinkezanak.
Ezagunen antzekoa, –en / -KO aldean egitureaz baliatzea: haren aldean hau, gure aldean horrek, hango aldean hemen, aurtengo aldean edo oraingo aldean igaz edo lehen, aitaren aldean semeak eta taiu horretakoak. Labayru Hiztegitik hauturiko biak, esaterako: “Beste horren aldean, hau zatia da politagoa”, “Lehenagoko aldean, zerikusirik be ez!” (Labayru Hizt). Mogel: “Lurrekook gure aldean andi ta eskergaak dira” (Ipuinak 29).
Berbeta batzuetan (gurean esaterako), ikusian be sano erabilia da. Halan: zuek, gure ikusian, asko dakizue. Ameriketan, hemengo ikusian, etxe handietan bizi da jentea.
Erdialderantz ondoan postposizino-adberbioa be ezaguna da, baina ez hain erabilia, idatziz behintzat: “Hori ezer ere ez da, gerran egiten diren izugarrikerien ondoan” (Labayru Hizt).
Iparraldean bada beste adizlagun bat, eretzean, apurren bat erabili izan dana. Mirande idazle paristar-zuberotarrak: “Sekula inoren eretzean senditu ez zuen begirune bat nabaitzen zuen haur aratzaren aldera” (Haur besoetakoa).
Amaitzeko, bardinean be (bat. berdinean) konparatze-adberbio lez, eta baita postposizino lez be, erabilia izan da neurri apalean aldi modernoan. Halan esan daikegu: Zuen bardinean gu… Gure bardinean beste guztiak… e.a. Idazleetan: “Andoaingo mendian baziran hogei urtetan hamasei bat metro luzean eta inguruz, besoen berdinean, metro ta berrogeiren bat zentimetro zituztenak” (Munita Mendi ta oian).
Bardin adjektiboagaz bardin ipini aditz lokuzinoa bai tradizino-sustraikoa da gazt. ‘comparar’ adierazoteko. Halan Mogelenean: “Zetarako da ni bardin imintea zuk ezagutu dituzun barberu txar ta baldresakaz?” (PAb 8).
Adolfo Arejita