Zuzentzat jotekoa litzateke esatea: “Gu bagara nor erabagia hartzeko”? Ala hobeto legoke esatea: “Gu bagara norbait…”. Ala beste moduren batera?
Ezezkako adieran, ‘no ser alguien’ inor izenordainaz adierazi leiteke era neutroan: Gu ez gara inor, zu ez zara inor, hareeek ez dira inor… hau edo bestea guri agintzeko. Eta halan egin ohi dogu gaur egun ia danok. Izan be, nor izenordainak inor izenordainak baina indar gehiago dauka, adierazkorrago be bada kontestu askotan. Ezezka dinogunean, berbarako: Zu ez zara nor guri agintzeko. Hori ez da nor besteei erakutsiak emoteko.
Eta tradizinora bagoaz be, nor izenordaina, itaunetan ezeze, adierazpen perpausetan be bardin erabili izan da izenordain zehaztugabe lez. Erabilera zuzena da, zertan esan be ez.
Egia da, denporearen ibilian, adierazpen esaldietan erabilteko ohitura zaharra atzeraka joan dala, eta itaun zuzen edo zehar itaunetara mugatu izan dala gero eta gehiago nor, eta bardin zer izenordainaren erabilgunea.
Tradizino idatzian badauka sustraia, nor izenordaina erabilteak, zehaztugabe soila dala, eta ez galdetzaile. Errefrau zahar baten hitzak dira Lope de Isasti historiagileak baturiko honenak: “Nor bere tenporako, arbia abendoko. // Cada cosa para su tiempo, el nabo para (el) adviento” (Isasti 64). Nor bere denporako horren euskal ordain zuzena beste hau da: “Casa cual para su época”. Gaur bakoitza erabiliko genduke errazago, nor horren ordez.
Ekialdeko tradizinoan hainbat ugariagoa da erdi eta sartaldekoan baino nor zehaztugabearen erabilera, baina edonon dala be sintaxi-egitura guztiz mugatuetan.
Egiturotariko bat banakaritza edo distribuzinokoa dogu. Hara pasarte bat, Lafittek eredu gisa eskeintzen deuskuna: “Nor oinez, nor zaldiz, jende pila handia bildu zen”.
Nor izenordain zehaztugabea, gehien-gehien bere posesiboa atzean dauela erabili izan da, eta halantxe agiri da sarriro tradizino idatzian be. Errefrau barruan erabilirik badogu eredu bikain bat, labur eta soil dinoana: “Nor beretako, Jainkoa guztiendako. (= Cada uno busca su conveniencia y sólo Dios es para todos)”. Halaxe dio Arakistain Itziarko semeak XVIII. mende barruan Nafarroan batu eban errefrau gogoangarria (Suplementos). Gaztelaniaz be ordain ezaguna dauena.
Azkuek era soilagoan dakar: “Nori berea, a cada uno lo suyo”. Era osotuan be guztiz ezaguna: Nori berea, Jainkoaren legea.
Gaurko berbetan lexikalizatu egin da eta hitz bakar baten entzuten dogu: norbera, eta hitz bakar modura tratatzen dogu atzizki-markak ipinieran: norberari, norberaren, norberagaz e.a.
Baina tradizinoan nor eta bere osagaiak, zein bere autonomiaz erabili izan dira. Kasu diferenteen ereduak eskeiniko ditugu labur:
Nor absolutiboa da ugariena bere posesiboaz lagundurik. Halan: “Anima askoren salbamentua, nor beriaz aztu gabe, aseguratzeko” (Cr.Beobide AsiskoLoria).
Nork ergatiboaz be hainbat erabilia: “Zan lastima andia nork bere biotzean eukan tristezea ekusten.” (Larrazaga). Eta oraintsuago: “Au da nork bere burua dan baiño jakintsuago egitia” (Cr.Beobide AsiskoLoria).
Nori datiboaz, berariaz errefrau ezagun baten: “Nori berea da zuzenbidea” (Oih Prov 341). Edota literaturan: “Nola bühürtü behar zaio nori bere ohoria?” (Belapeire I 102). Lardizabal zaldibiarrarena dogu hurrengo hau: “Gero abere guziak aurrean ipiñi ziozkan, nori bere izena emateko” (Lard II)”.
– Herri-berbetatik batuak ditut hurrengo esaldiok, nor hori agiri dabenak, galderazko perpausetatik aparte, ez zuzen, ez zeharkako. Halan:
Ezezkako esaldian: “Zu ez zara nor niri hori esateko”. Antzera darabil, behin behintzat, Iztueta zaldibiarrak: “Goiz batean arkitu zan bere etxe-atarian, buru guztia puskaturik, ez nork eta ark illa” (Condaira). Egitura banatzaile baten barruan. Esapidearen esangurea: ‘no se sabe quién’.
Baiezkako esaldi barruan: “Nork bere ardurei erantzuten be nahikoa zeregin eukiten dau, inorenetan sartu barik be”.
Tradizinoaren argiz ikusita, nor izenordain zehaztubakoa nekez azaltzen da galdegai edo foku posizinoan, mintzagai edo temaren paperean baino. Eta goiburuko esaldian be nor ez dogu galdegai, markatubako erabilera neutroa dauka. Eta goiko esaldi horretako antz-antzeko ingurunean darabil Koldo Mitxelenak berak hitzlauz: “Ez du Zuloagak Artetaren eiterik […]. Nor da nor. (MEIG I 67). Esatea lez: ‘bakotxa bera da’, ‘bakotxak bere nortasuna dauka’, gazt. ‘cada cual es cada cual’.
– Gaur ezagun eta zabal bihurtu diran esapide batzuen barruan be badirau nor izenordain horrek. Batetik, nor baino nor esapidean, zein baino zein eta horrelakoen kidea, eta herri-berbetan ondo sustraitua. Bestetik, nor edo nor izenordain konplexuan, gaur lexikalizaturik nonor era laburtuan darabilguna. Eta hirugarrenik, nor gura eta nor nahi be aitatu leitekez; bigarren hau gerora lexikalizatze bidez nornahi bihurtu doguna.
Goian egiten dan zalantza-itaunari zein ebatzi emon? Nor zehaztugabearen aldeko eretxia daukagu, baina neurriz erabilita. Berbarako: Zu ez zara nor, baina gu bai bagara nor.
– Labur esanda, nor izenordain soilak be beregandu izan dau, eta zilegi dau beregantzea, balio hori bera baiezkako perpausetan. Hau da, itaun edo galde-perpausa izan barik. Baina baldintza guztiz mugatuetan, tradizinoan behintzat.
– Baiezkako esaldietan, nor horren lekua hartzera eta indartzera etorri diran izenordainak, eta nor soila bazterreratu dabenak, norbait eta nonor (nor edo nor) dira. Goiburuko esaldi horretan, nor izenordainaren ordez norbait edo nonor erabiliko leukiez errazago gaurko hiztunek: “Ikusi dagiela geu be nonor bagarala”. Edo: “Geu be norbait bagara, eta ez daukagu zertan burumakur ibili, besteen aginduen mende”.
– Baina baiezkako esaldietara bagoaz, ‘ser alguien (para)’ adierazoteko ez genduke inor izenordaina erabiliko. Goiko bigarren esaldi horretan,“Munduari banintzela *inor erakutsi nahi nion” ez genduke ontzat joko. Arrazoi sinple bategaitik: adiera horretan behintzat inor ez dogu baiezkako perpausetan erabilten. Onartzekotan be, ‘otro, algun otro’ adiereaz: norbera lango pertsona-izenordainen antonimotzat darabilgun beste izenordainaren baliokidetzat erabili ezkero, sartalde-hizkeretan sarri egin ohi danez. Halan: “Holako erregalu bat, norberetzat gorde baino, hobe inori emon”. Edo: “Norbere gauzakaz konformidadea euki behar da, inoren gauzen atzetik ibili barik”. Edo: “Norberagaz konpondu ezin dana inogaz konpondu daitela, alkarri kalte egiten ekin barik”.
Adolfo Arejita