Beste zein eratara esaten dogu zeozer, normalean txarra edo arriskutsua dana, jazo leitekela?
Atze-hitz diferenteak ditugu denpora-menderakuntzako ikuspegi hau adierazoteko. Labur emongo ditugu batzuk:
– Zorian. Aditzizena -teko adnominalaz lagundurik. Zinez ugaria da gure tradizioan, berariaz Hegoaldekoan. Halan: “Iltzeko zorian ta perillean jarten bada” (Ubillos). “Iya onzia zebillen ez ondatu bai ondatu galtzeko zorian” (LE Urt 52). “Erregutu […] kondenetako zorian ta urrean dagozanakaitik” (Añib Escu Libru I). “Ez du ekusten nola arkitzen dan betiko su eta garren artera amiltzeko zorian” (Agirre Asteasu I). “Idi gaixoak lertzeko zorian zerabiltzatela” (Iztueta Condaira). “Ateak puskatzeko zorian zeuden” (Uriarte Gen 19, 9). “Animatikan maite bazaitut / erotutzeko zoriyan” (Bilintx). “Pozaren indarrez txoratzeko zorian” (G. Arrue Genoveva). “Urteen astuntasunak amaituteko zorian eukan euskaldun aitona zindoa” (Dom.Agirre Auñemendi). “Baztar guztiak ondatzeko zorian datorren ekaitz bildurgarria” (Munita). “Gure sukaldian itotzeko zoriyan jartzen gaituzte” (M. Soroa Baratzan). “Ura asten zan farrez lertzeko zoriyan” (Iraola). “Ontziak bete zituzten, urren ondatzeko zorian” (Ir YKBiz). “Bapo jan eta edan, / lertzeko zorian” (I. Olea). “Samatik sokaz lotuta itxi dabela urkatzeko zorian” (T. Gerrikabeitia). Hainbeste gogoeta daude hor mukuru […], kabi ezinik, liburuari leher-eztanda eragiteko zorian.” (MIH 47).
– Beharrean, adiera honetan bakanago erabilia, baina sartaldean ohi-ohikoa: Leher egin beharrean. Hil beharrean. Jausi beharrean. Ondatu beharrean. “ Ia bizikletatik jausi beharrean hartu eban errebueltea”. “Ni adarrak apurtu beharrean ibilten nintzen [txirrindu gainean, arin eta bizkor]” (Oscar Elgezabal / P.M. Goikoetxea).
– Aginean, aginik. Postposizino klasikoa batez be, baina oraindino be indarrean dagoana: “Etxea jausi aginean dago”. “Haizeak hausi aginean erabilzan arbolak”. “Jausi aginean egon zan, estu eta larri”.
Tradizinoaren eredutzat, Mogel hartuko dogu: “larri erabillezan arerioak, ta goitu aginik” (PAb). “zerabiltzaten etsaiak larri ta garaitu aginik” (VersB 18), “zuk jaso gura dozun matxinada urratu aginik eguana” (PAb), “bada artu biar da, zer artzen daben gaisuak dakiala, ta ez egon konkorturik, il aginik, ta ezaguera baga dagozan artean” (DC 399). Añibarroren lumaz: “Egitekoak egin bear dirianean, galdu aginean dabiltzenean, orduan euki eguizu zuk iños baiño esperanza geiago” (Gero 100).
– Puntuan. Gaur egun, batez be berbaz, ugaria. Egiturea: -teko puntuan. Berbazko testigantzak: “Etxetik urteteko puntuan egozanean heldu jakezan konbidaduak”. “Bilbo jausteko puntuan egoala egin zan ebakuazinoa”. “Etxerako puntuan egon gara oraintxe.”.
– Hari-harian. Sartaldeko idatzi modernoan, eta berbaz, ondo lekukotua. Hara Paulo Zamarripa sondikarrak bere euskera estilo-liburuan dakarzan adibide batzuk: “Hilteko hari-harian: a punto de morir”. “Jausteko hari-harian: a punto de caer”. “Hausteko hari-harian: a punto de romperse”. “Oratu egiozu, jausteko hari-harian dago eta”. “Hilteko hari-harian egon naz” (Zamarripa Man.Vasc. 125). Beronegaz darabilguzan aditzak ia beti dira ‘arrisku’ edo ‘egoera larria’ adierakoak.
– Hurren. Iparraldeko tradizinokoa da gehiago, Hegoaldekoa baino. “Hil hurren da”. “Erori hurren” (‘a punto de caerse). “Sosak, akiturren ta gure adinik oberena ere, akiturren” (Mariano Izeta BH). “Azkenean, bortxaka eta lertu urren, iduri zuen zerbait erran nai zuela” (Mariano Izeta BH).
– Gertuan. -teko gertuan. “Galtzeko gertuan dago (está a punto de perder)”. “Jausteko gertu-gertuan egon (estar a punto de caer)”.
Adolfo Arejita