Mogelek Peru Abarka berba-jardunetako esakuntzen zerrendan baturik dakar, eta honetaraxe: “Maridxa guria gorubetan, biar ez dan ordubetan”. Añibarro klasiko handiak be ia bardin baturik dakar: “Maria gurea goruetan, / bear eztirean horduetan.» (Añibarro Errefrau 21).
Desorduetan egiten diran lan edo zereginak dirala-ta ezpaneratzen dan errefraua. Baserri munduan sarri jazo izan da, edo goldaketa dala, edo bedar sikuak dirala, edo ortu-lanak, edo korta-beharrak… ilunduta dagoala be hondino egiten ekitea. Eta, bedar sikuak sabaira edo lastategira ekartea dala-ta, entzunda nago beste esakune bat be: Gabeko beharra egunez agiri. Desorduetako lanak, batez be ilunetakoak, oker edo txarto egiten diralakoa zirikatzeko.
Lehenagoan emakumeen zeregina zan goruetea eta joskintza. Lino-bedarretik haria egiteraino beharleku gogorra eta luzea egoan: linoaren penak amaibageak esan ohi ziran. Emakumeek, egunez astirik atera ezin eta gabaz ekiten eutsen sarri gorueteari. Hortixek aterea da errefrau honen gaia.
Maria gurea pertsonai nagusi dala eihoriko errefrau hau luzaroetan bizi eta erabili izan da jente euskaldunaren gomutan, berariaz sartaldeko hiztunon artean. Azkuek esakuntza berau dakar berbaz berba: “Maria gurea goruetan, behar ez dan orduetan” (EY 212). Baina beronen aldaera bat, Bizkaiko hainbat herritan batua, beste era honetara be bai: “Beti Maria goruetan bear eztiran orduetan” (Euskalzale III). Jabier Kalzakortak Markinan, bere gurasoei, Mogelek dakarren antz-antzean batu eutsen aspaldi: “Marixe gurie goruetan, biher eztan orduetan”. A. Zavalak bere bilduman: “Aita guria zeruetan, ama guria goruetan behar ez dan orduetan.” (EEZZ 55).
Ohartzekoa gure posesiboaren atze-ordena, adjektiboaren berbera, gure tradizinoan, berariaz senidetasun edo hurkotasun adierazle diran erabilguneetan aspaldi zaharretik jatorkun ordenea.
Goruetan esaten da gehiago sartaldean, eta ardaxketan ekialderantz.
Behar ez dan orduetan horren esangura berekoa dogu desorduan, desorduetan, des– aurrizki-markaz oin-hitzak adierazoten dauenaren kontrakoa espresatzeko.
Goru lanabes zaharra ointzat harturiko hainbat esakune ditugu euskeraz, esaldi mota diferenteetan. Hara batzuk:
– Errefrauetan, bada bat gorule txarrei burlazahar egotzi izan jakena, Maria gurea pertsonaiaren bidez: “Maria gurea gorule gaizto, haren atorreak zulorik asko” (EY 213).
Neska gazte gorulearen gogoa, gorueta neketsuan bino gehiago gaztetasunaren pozean, alegerantzan eta aisialdian egon ohi dala gogoratzera datorren mezua dakarsku errefrau zahar honek: “Gorua garrian ta gogoa kirolan”. Gaztelaniaz: “La rueca en la cinta, / y el pensamiento en el regocijo.” (RS 63).
Emakumeen jardun-jario atertubakoa goruaren irudiaz konparatzea be aspaldi zaharretik dator, zabal entzuna dan errefrau honen bidez:“Barriketea balitz gorua, gure etxean ezkaratz bete mataza”. Azkuek bere kantutegian be aldaera luzetxeago honegaz dakarren eran: “Eragotea balitz gorua, barriketea ardatza, nire emaztiak egingo leuke baztarrak bete mataza”.
– Herri-jakintzako beste errezitadu eta kontaeretan be ezaguna da gorua. Sineskera arloan: “Amaitu goruko hondakin hori, sorginak berorregaz dantza egin eztagien” (Atsot 6036). Arreoa zelan egin ohi zan ezkontzeari begira: “Bazkari ondoren arrioa zabalketan zan: zenbat jantzi, zenbat traje. Atzenengo erausten ziran gorua eta ardatza” (Graziano Anduaga Aitonaren Uzta). Eta beste errefrau giroko hau: “Goruetan ardazbidea libre atera” (Atsot 6039).
-Literatura zahar edo klasikoan batez be, goruetan egite-jarduna behin eta barriro azaleratzen dan langintza dogu. Hara Añibarroren idatzietan: “Goruetan baiño eztakien batek amatu lei […] Jangoikoa edozein jakitun letradun batek adiña” (Misionari.Euscalduna 166). Eta beste behin be, jaiegunetan lanbide horretan jardutea pekatu astuntzat iragarteko: “Pekatu mortala da jai-egunean […], goruetan, ardazketan, eunetan, kalzerdia egiten egotea, matazak arildutea” ( Misionari.Euscalduna 256). F. Arrese-Beitiak oraintsuagoan bere hitz neurtuetan: “Bere eskuak badagoz bere giharatuak, / zintzo derautse beranduraino” (Olerkiak).
Jabier Kalzakorta: “Bizkaiko herri-ipuin idatziak” (1992-III-27). Euskera – XXXVII (2.aldia)
Adolfo Arejita