Denpora kontuan entzundako esaldi bat: “Ezkondu eta gehiago Bilbotik egin dogu bizimodua”. Ezkondu eta gehiago esatean, ze denpora erreferentzia emoten gagoz? [Ezkondu ETA GEHIAGO] [-NIK GEHIAGO eta -NETIK GEHIAGO]
Ekintza edo gertakuntza bat beste baten ostean, ondoren edo geroago egiten dala adierazoten dogunean esaldi bi alkartuta, esaldi nagusiaren ekintza mendekoa baino geroago gertatzen dala adierazoteko darabilguzan marketariko bat dogu goiko hori. “Ezkondu eta gehiago Bilbora joan ziran biziten”.
Denpora esparruan, adberbio konparagarri baten barruan da ezagunena marka hau: gero eta gehiago dalakoa.
Baina ez da hain sarri ikusten aditz partizipio bategaz batera, goiko esaldi horretan legez. Ezaguna eta erabilia izan da halanda be.
Aditz jokatuari dautsala erabili izan da antxinagotik aditz partizipio jokatubakoaz baino. Halan garatuak dira: danik gehiago edo danetik gehiago ereduak. Eta oraintsuagoan, eta juntagailuaz indarturik: dagoanik eta gehiago, dabilenetik eta gehiago.
Aukeran, balio bereko beste hitz batzuk be erabilten dira egitura berberaz: da-NIK edo da-NETIK hona, aurrera, gora eta abar. Halan esaten dira: joan da-NETIK HONA, etorri da-NIK edo da-NETIK GEHIAGO. Lizentziatu zaNIK edo zaNETIK AURRERA, eta baita be: Gaixotu zaNETIK edo zaNIK AURRERA. Eredu esaldia: “Zigortu zitueNETIK AURRERA mantso-mantso ibili ziran”.
Denpora adizlaguna (hona, aurrera, gora, harrezkero edo gehiago) hartzen dauen aditza era jokatuan edo jokatubakoan azaldu leiteke. Aditz jokatuagazko era ohikoak: joan daNIK GEHIAGO, edo: joan daNIK ETA GEHIAGO dira. Eta aditz partizipioaz alkarturik be bai, baina egitura horretan eta juntagailua ezinbestekoa da: joan ETA GEHIAGO edo etorri ETA GEHIAGO.
Idazle batzuen testigantzak, etorri danik gehiago edo etorri eta gehiago ereduakazkoak:
-“Galdu zanik gehiago ez da, ez, ikusi, / alperrik horren billa burua asko hausi” (Ama.Euskeria). “Gaur ikusi dozuen modu-moduan dago hori, hona ekarri ebenik gehiago” (Kirikiño Abarrak II).
-“Umea hil eta gehiago zegoen estu eta larri, gatazka zeinen alde izango zen, erabakia hartu beharra zuelako” (Laura Uruburu Katigatu ninduzun). Nikolas Alzola: “Ezagutu eta gehiago aintzakotzat hartu behar orain.” (Bitaño Atalak).
Denpora eremuko beste egitura batzuk ezagunagoak dira menperakuntzakoak baino, baina gogoan hartzekoak. Halan:
“Izango natxatzu orainganik eta geiago, zurea eta ondo zurea” (Añibarro Esku.liburua 1821).
Baina esapiderik ezagunena, gero eta gehiago adberbio progresiboa dogu. Horren hurreko aldaera bat darabil Kardaberazek: egunero eta gehiago:“Bizkaian, beren izkeran zein ederki iraun duten ikusteak, txit arritzen nau ta edozein admira dezake. […] Eta egunoro ta geiago admiratu izan nau […] Bizkaiko itzegiteko era ta armoniak” (Euskeraren Berri Onak).
Eta aintzat hartzekoa da geroz gehiago aldaerea be. Halan: “Jakintzak eta ertiak askoz gehiago aurreratu ezpadute, arau au aiztu dalako dala sendokiro adipeturik nago” (Zinkumegi Balmes)”.
Gorago aitatu ditugu, (eta) gehiago markaren hurreko baliokoak dira beste batzuk. Hara zeintzuk:
-Aditz atzizki lez -nik edo -netik soilik darabilgunekoa. Frai Bartolomeren adibide bi: “Gizonak eta emakumeak dira agindu onetan sartuten direanak, amaren sabelean sortuten direaneti bizi direan arte guztian”. “Amaren bularreti tiraka egozaneti, zeuek baino andiago ta sendoago egin artean” (Ikasik I).
-Bigarren bat, -nik hona edo -netik hona. Aditz-atzizki erlatibo ablatiboari lehen graduko erakusle-adberbioa darraiola adlatibo kasuan. Bart. Olaetxearen dotrina goiztarrean: “Eta mundua danik ona gizakume guztiak egin dituezan pekatu eta gaiztakerien orderako” (Dotrinia). Eta Añibarroren beranduagokoan: “mundua danik ona asmatu direan osagarri ta botika guztiak baino geiago osatu ditu beronek bakarrik” (Lora Sorta). Eta Mogelen elabarrian: “lo batek iraun deust etzun nintzaneti ona” (PAb).
-Hirugarren bat, -netik aurrera izan daiteke, aukeran -nik aurrera dala. Halan: “Gaztetan, txikitan, lau edo bost urte dituaneti aurrera, domau egiozuz saietsak” (frai Bartolome Ikasik I).
Gauza jakina da, aurrera, atxina, hona eta beste gehiago, espazio eremukoak izanez gainera, denpora eremukoak be bardin ohi dirala, goiko esaldi eredu biotan legetxe.
-Laugarren bategaz horniduko dogu, beste gehiago be diran arren: -netik ezkero, beharbada aurrekook baino hainbat oraintsuagokoa. Halan: “Orain barriz, Gorbaien dagonetik ezkero, gitxienez zortzien bein bide horretatik zear ibili behar dabe 16-21 artzainek” (Bedita Larrakoetxea Itzaldiak 1928).
Adolfo Arejita