Gitxi entzuna dan berba bat: iduna. [IDUN eta IDUNEKO]
Idunaren esangurarik behinena, oinekoa, gorputzaren partearena da, gazt. ‘cuello, cerviz’. Halan esaten da: Iduneko mina dauko (Derio. Berbategia). Iduneko painelua (Jatabe. Berbategia). Edota are gordinagoa dan Harriet lexikografoaren hau: Oiloari iduna bihurtu egiozu. Hiru esaldi horreetan, hirurotan, errazago urtengo leuskigu sartaldeko hiztunoi sama berbeak. Iduna eta idunekoa lausotzen eta aldentzen joan dira altsika euskal hiztunon errepertoriotik. Tamalez, baina halan da.
Sartaldeko literaturan aspaldi zaharretik agiri da erabilirik idun izena. Halan XV. mendeko erditsuko balada zahar baten: “Bosteun kaxkabel urregorrizko zaldiak idunerean” (Errodrigo Zarateko). Edota beste ezagunago honetan “Urre katia eta medella / neuk dodaz idunerian” (Ana Juanixe).
Kapanagaren dotrinan be badogu: “Estoleak (zeinda sazerdoteak ifinten daben idunerean bularretara kurutzez) erakusten deusku sokea lotu ebeena idunetati; eta kurutzea lepoan eroan ebana kalbarioko mendira, eta agaiti ifinten dan sazerdotea kurutzeen moduan idunerean bularretara” (Dotrinea).
Añibarroren idatzietatik batuak dira hurrengo biok. Bata, idunetik lotu: “Idunetik lotu ta estu eutsezan soka gogorrak” (Esku liburua 1). Bigarrena, idun gogorreko, gaur ‘arpegi-gogor’ esango gendukeenaren baliokoa:“O judegu zorigaistoak, idun gogorrekoak, biotz arrituak!” (Nekea arindurik).
J.A. Mogelek hari beretik darabil gizakiei buruz iduna gogortu esapidea, gazt. ‘volverse caradura’: “Ordea, azi badira gaizkian, iduna gogortu bazaie, lotsa galduko die gurasoei, esan onik egingo ez dute” (Erakasle Euscalduna).
Frai Bartolomerena dogu hurrengoko agindu zorrotza: “Beeratu egiozu umeari iduna gaztetan, ta domau egiozuz saietsak txikia dan artian” (Ikasik I).
Mateo Zabalaren alegietan: “Nai euskuzan ekarri / guzur jaungoikoak, / ezarri buztarria / geure idunetan, / euskera ta legeak / galdu basartêtan” (Ipuñak).
J.J. Mogelen idatzietan: “Neskatilla nasai, beso guztiak billostuta, idunak edegita, euren zikintasuna zabaldu nairik” (Baseerri.Escolia).
Oraintsuagora etorrita, Eusebio Mª Azkueren olerkietan: “Ingeles idun-sendoak, / danak baten antzekoak, / edo bateti edo besteti / dabilz mundua argituten / eta basterrak ostuten” (Parnaso).
Herri-literaturara bihurtuta, herri-sineskera baten gorabeheran batu eban Azkue ikertzaileak honakoa: “Begizkotik ume bat gordeteko beste bide bat, […] bere idunetik azkonarraren erpe bat dingilizka ipintea zan eta da” (EY I 125).
Neure corpusetik ateratako esaldia: “Idunetik dingilizka kutun bat daroa” (Lemoiz).
-Soinekoaren (arkondara, jake eta enparauen) iduna da bigarren adiera nagusia, gazt. ‘cuello’. Adiera hau be zaharra dogu. Hara Mikoleta bilbotarraren liburuskan: “Lau alkandora euren idun letxugillazkoakak” (Modo.breve). Eta oraintsuagoan, Domingo Agirreren eskutikako pasarte hau hautu dogu: “Mutikoaren atorreari aitaren zarrenagaz idun, eskutur, mauka barriak ipinteko” (Kresala).
Eta berbazkotik batuta: “Alkondarea idun lohiagaz ibiltea ez da itxurazkoa”.
Adolfo Arejita