Errefrau zahar baten esana: “Gezurra nesan Getarian. Ni itxean eta ura atarian” [GUZUR-GEZUR] [GETARIA] [ATARIA]
Isasti historiagileak bere errefrau bilduman halan dakar. Nesan adizki trinko zaharra ‘esan nuen’ aldatu da gerora, eta halan entzuten da gaur egun be Goierri aldean behintzat. Hara Zerainen batutako aldaera hau: “Gezurra esan nun Getarin. Ni baino lehen zan atarin”.
Azkuek bere bilduman hainbat aldaera batu zituan errefrau honenak. Batzuk bardin edo ia bardinak. Bizkaieraz: “Guzurra esan neban atarian, ni baino lehenago zan Getarian” (EY 1578). Gipuzkeraz ugariago, batez be Getaria herri-izena aitatzen dabenak. Goierri aldekoa dogu hurrengo hau: “Gezur bat esan non Getarin, ni baino lehenago zan atarin” (EY 1572). Orokorragoa dirudi beste honek: “Gezur bat esan nuen Getarian, ni baino lehenago zan atarian”.
Garateren bildumatik jaso dogu: “Gezurra esan nuen etxean, ni baiño lenago kalean” (Atsot 5663).
Isastik dakarrenaren aldaera desitxuratua dirudi Azkuek dakarren honek: “Gezurra nenzan Getarian; ni etxean, bera ataria” (EY 1572). Nenzan adizki bitxi hori nesan ezagunagoaren ordainez dagoala dirudi.
Baina Getaria herri-izena aitatu ordez, mendia aitaturik dauenik be bada EY bilduman: “Guzurra esan neban mendian, ni baino lehenago zan herrian”.
* * *
Guzurraren inguruan badira beste errefrau, esapide eta sineste batzuk be. Gitxi batzuk garanduko ditugu:
-Guzurra arin harrapatzen dala dirauskue batzuk: “Guzurrak buztana labur” (RS 59). “Gezurra aisago arrapatzeko, ezi ez maingua.” (Azkue Zaraitzu). Guzurrak bide luzerik ez dauelakoa adierazoteko, egur igarragaz konparatzen dauenik be bada: “Guzurraren indarra, biztu orduko igarra” (Atsot 5687). Eta aberasteko bidea be ez dalakoa be bai: “Egia esateko, eztaukat lotsarik; eztost bete sekula guzurrak poltsarik” (Atsot 3313).
-Guzurra, zenbat eta urrunago, handiago bihurtzen dalako eretxia: “Urrunago, guzurrak handiago.” (EY 2850). “Urruneko berbia, guzurra ta ziria” (Atsot 13140).
Gerrateak be, urrunetik kontatzen diranean, guzurbide eta guzurmendi bihurtzen ei dira. Gerrea eta guzurra alkarri dautsela sarri agiri dira: “Guda-urte, guzur-urte” (EY 1712).
-Guzurra hutsaren hurrengo dalakoa erakusteko, amesagaz konparatzen jaku Tartas zuberotarraren esaldi honetan: “Ametsa eta gezurra biak bat dira” (Onsa hil).
-Guzurragaz errez ezkontzen dan aditza dogu dariola adberbiala be. Errefrauetan be hots egiten dauena: “Guzur baten atzean beste lau doaz” (Atsot 5644).
-Guzurtiaren grina, guzurrik esan barik bizi ezin izatea ei da. Irudi bizikorrez adierazota: “Guzurra haginak baino aurrerago” (Atsot 5657).
-Guzurtiari erraz igarten jakolako leloa sarri aitatua izan da. Nafar errefrau batek dinoan modura: “Betik guzur erraiten dionak ez du ñor ere engainatan.” (EY 2138).
-Guzurra eta egia aurrez aur be agiri dira, bata lotsagarri eta bestea erakusgarri agertu gurarik: “Egi motz bat hoba, guzur luze bat baiño” (Atsot 3321). “Guzurrak ez daukela egirik, da (eta) egijek be ez guzurrik” (Atsot 5679).
-Guzurraren inguruko sineskeren artean, bat ondo ezaguna izan da herri giroan, batez be umeei ohartarazoteko: “Gezurra esan ezkero, bekatxoa (txindorra, pettorra) urtetzen da” (Atsot 5662).
-Guzurraren gaineko esapide lauen artean, aitatu daiguzan amaiera gisa: Guzur biribila: “Ori guzur biribilla da” (Eguzkitza Giz.Auzi). Guzur anporra: “Guzur anporra, se dice en Eibar para significar una mentira grande. Anporra elípticamente significa lo mismo. Aren guzur anporrak sinistuko dittuanik…” (Tor.Etxebarria Eibar). Guzurra dario/zerion: “Esau zala esatean, gezurra zeriola” (Lardizabal Testamentu.Z). Guzur gozoak eta zurikeriak: “Txurikerietan ta gezur goxoak esaten” (Dom.Agirre Garoa).
Adolfo Arejita