Jatun handia dan jenteagaitik inoiz baina gitxitan entzuten dan berbea: salobrea. [SALO – SALOBRE – SALOGRADU]
Salogradu adjektiboa heldu jaku Mungialdetik, Meñakatik, Libe Agirre kazetariaren bidez. Euren herriko berbetan ‘esajeradua’ edo ‘atentzinoa emoten’ dauenagaitik, ‘nabarbena’ danagaitik esaten ei dabe salogradua.
Ez jatort beste berbarik burura, saloa eta salobrea baino, salogradu honegaz zerikusia euki leikenik. Egia da, euren esangurak ez datozala bat, ez dirudie esangura lotura zuzenekoak, baina urruntxoagoan halako kidetasun puntua susmatzen da: nabarmentasuna, nabarmenegi izatearena.
Jate kontuan erabilten dira saloa eta salobrea, jan baino gehiago jatekoa iruntsi egiten dauenagaitik esaten da, pertsonea dala, animalia dala; biziduna, edozelan be.
Salo adjektiboa dogu oinean, beharbada sabel izenagaz kidetua. Eta salobrea, seguruen salobera adjektiboaren era laburtua, -bera atzizki edo atze-hitzaz hornidua: salo izateko joerea dauena.
Azkuek salo izatearen esangurea ‘devorador en comida, voraz’ erderazkoakaz kidetzen dau. Oñatiko berbetan, animalien inguruan esaten da: “Se dice de un animal que come con avidez” (Cand. Izagirre). Azpeitiko eta Urola aldeko berbetan G. Garatek batua: Hori da pertsona saloa! Beste leku batzuetan, ‘jatuna, jatun handia, jale handia, tripazaia’ esaten danarentzat.
Urdaibai aldean salobrea esaten da. Hara neuk Barrutian baturiko esaldi kontestuak, ganadua dala-ta: Salobre gosestoa! (Teresa.Totorikaguena). Ze salobreak dira gure txahalak baina! (Bitoriano.Uruburu). Baina Nabarnizko berbetearen hiztegian gizakiokaitik, lagunakaitik be erabilten dalakotzat agiri da: «jaten, ba salobri da», “Persona salobrie”. “Persona salobrie: bueno ixen lei jenidxokue, ixen lei jatune be. Bai, salobrie, salobrie, jaten dabena, asko jaten dabena-edo, pasientzidxerik barik jaten dabena-edo, olaku”.
Bigarren adiera lez, ‘jenio txarreko pertsonea’ aditzen emoteko be esaten dala salobrea, jaso eban hiztegi berak. “Salobrie, jenidxokue da. Da errez belarriondoku emoten dabena, esate dxako salobrie, errez berak pentzaten dabena eitten dabenari” (Nabarniz. Mtez. de la Cuadra.)
Denporan atzerago jota, Mogel markinarrak hainbat bider darabilen berbea dogu salobre dalakoa. Batzuetan, txakurra dala-ta. Behin: “ ‘Urtik’ bat esaten bajako, alde egingo dau maiaren alboti, goserik andiena badauka bere; alperrik izango da gosesto salobrea.” (PAb). Beste behin: “Dira asko (…) zakur salobre ta lotsa gaiztokoen gisakoak, ez dakitenak zer dan asetzea” (Mogel CB). Beste batzuetan ganaduaz diharduala: “Idiren bat erosi bear bada, ekusi nai da, begiratzen zaio kontuz, aztertzen da burutik oinetara; jaanean dan salobrea edo garzoa.” (Mogel CB).
Hurtxoagora bagatoz, Mateo Zabala idazlearenean be idoroko dogu adjektibo hau, mehats izan arren. Alegi baten, otso gosezto bategaitik: “Ta olen idigitik / ak eginik begiak, / sasiaren osteitik / otso tzar salobrea” (Ipuñak).
Eta XX. mendera etorrita, Domingo Agirre Ondarroako idazleak gizakion inguruan darabil: “A ze nolakoak zuek, salobre urdailtsuak, ziraun makurrak, doillor, galdu, naspillari arraoiak!” (Garoa). “Ase ta beteak txosnetatik ertetzean, salobre ta goseztoak jartzen dira haien tokietan” (Garoa).
Azkuek dakarren ipuin baten be idoro dogu: “Bata [Eba] ikusguratxoa; bestea jatun salobre beteezina” (EY II 171). Eta hara, Karmel aldizkarian Martin Uriarte jaunak aspaldi eginiko esakune-bilduma batetik hartu dot: “Euliak eztitan iratsi eta hilten dira; salobereak azken txarra daroe” (Martin.Uriarte. Karmel).
Salobre hitza, indar eta adierazkortasun handikoa izateaz ostean, ez da ezagunegia izan lehen be hiztunen artean. Horrek arrazoitzen dau sarri gosezto, urdailtsu, jatun eta halakoez lagundurik agertzea lehenagoko idatzietan be sarri.
Kristau dotrinetan, pekatu astun larrien artean azaltzen da gaztelaniaz ‘gula’ deritxona. Euskeraz, 1896ko dotrina baten honelan egiten da itauna: “Zer da jatunkeri edo salobrekeria?” (Dotrina 1896).
Eta orainera etorrita, Libe Agirre esatariak mahai gainean ipini deuskun salogradu berbeak, salo eta salobre adjektiboakaz zerikusiren bat ete daukan nago.
Adolfo Arejita