Erderazko errefrau ezagun baten esana: “Uno por otro, la casa sin barrer”. Euskeraz ze ordain dauka edo emon geinkeo mezu honi? [CASA SIN BARRER] [UNO POR OTRO] [BATA BESTEA-GAITIK]
Berbeta ohikoan, mezu hori aditzen emoteko era bat baino gehiago dagoz. Errefraua parte bitan banatzen badogu, batetik ‘bata besteagaitik’ dogu eta bestetik ‘etxea garbitu barik’ dagoala, euskeraz esanda.
Irudi berau darabilen errefraurik ez dot euskeraz eguneroko berbetan ezagutzen. Baina mezua bera aditzen emoteko moduak, bat baino gehiago dira, jakina!
Lehenengo partea adierazoteko modu ezagunak dira: “Bata dala, bestea dala…”. Edo: “Batak egitekoan, besteak egitekoan…”. Edo: “Hau dala, hori dala…”. Edo: “Honena dala, bestearena dala…, / harena dala…”.
Bigarren partea aditzen emoteko: “dana egin barik”, “dana geldi”, “dana lehengotan”, “dana bertanbehera”, “dana lehengo antzean”, “dana lehengo moduan”, “dana lehengo lez”, “dana bere horretan”…
Zein mezu dogu oinean? Ardura bat, zeregin bat, baten pentzuan egon beharrekoa, biren edo gehiagoren ardurapean dagoanean, bata-bestearen atxakian, batak egitekoan edo besteak egitekoan, inork eskurik ezarten ez deutsala geratzen dala zeregin hori.
Ez da aspaldi, mezu hori bera beste irudi bategaz adierazoten eban errefrau bat aitatu genduala: “Bi ugazabako etxea, kaltea”. Etxaguntza bakarra eta ugazaba bi etxaguntza horren arduran. Batak hartzekoan, besteak hartzekoan, ez batak ez besteak hartu, edo hartu gura ez.
Badira beste irudi batzuk be, mezu bera edo beretsua iragarten dabenak. Bat edo beste aurreratuko ditugu:
Jabe bi dituan astoarena darabil Nafarroako batek: “Askoren astoa goseak hil”. Damaso Intzak argibide hau gehitu eutsan beroni: ‘Batak besteren aitzakian lanak egin gabe uzten’. (NEZ). Eta Intza beraren bildumakoa dogu, astoa barik, txakurraren irudia darabilen hurreko beste hau: “Bi etxeko zakurra goseak hil” (NEZ). Eta hirugarren bat be badakar biltzaile beronek, lurgintzaren irudiaz ondua: “Denen soron belar txarra”. Eta argibidetzat gehitzen: “Denak ebakitzen, bainan ez ongarritzen” (NEZ).
* * *
Bata eta bestea zenbatzaileak kontrajarrian edo mezu biren banakuntzan darabilezan errefrauak asko eta askotarikoak dira. Eta mezuen adirazkizunak be ugariak dira. Hara bat edo batzuk, bide batez:
– Kontrako, aurkez aurkezko ideia edo gertaerak, puntu bidez biziro adierazota: “Asto bat hil eta beste bat biztu, kittu!” dino batek (Atsot 1414).
Eretxi bi guztiz kontrajarriak diralakoa, bataren eta bestearen eretxiak banangoak diralakoa, errefrau zaharrenetarik agiri dan gaia da: “Saruk bat uste, tresnatzen dauenak beste”. // «Uno piensa el overo, otro quien le apareja» (RS 335). Irudi berorren aldaera gaurkotuagoa dogu, nekazari girokoa, beste hau: “Gauza bat pentsatzen du mandoak eta beste bat mandazainak.” (Atsot 9368).
Gizakion esparrura bihurtuta, hoa kristau girokoa dan bat: “Guk asmo bat ta Jangoikuek beste bat” (Atsot 7970). Beste berba batzukaz esanda: “Guk idea bat eta gure Jangoikoak beste bat” (Atsot 7035).
* * *
Aurrez aur edo aurka eretxi, jarrera edo jazoera biren adierazgarri: “Esatea da bat, eitea beste bat” (Atsot 4407).
– Bata eta bestearen arteko bardintasuna, diferentziarik eza; aukera biek batera joten dabelako eretxia. Mogelek dakarren hau dogu ezagunen antzekoa: “Bata lako beste (bata nahiz beste), euntzen (auntzen) odoloste” (PAb). Errefrauaren bigarren partean odoloste agiri da hainbat aldaeratan, beste zenbatzaileagaz puntua jagonik. Halan dino P. A. Añibarroren bildumako beste honek be: “Bata legez beste, auntzen odoloste”. Garateren bilduman: “Bata edo beste, Martin odoloste” (Atsot 9457). Azkuek bere bilduman aurrekoon ide-ideko aldaerak dakarz bigarren osagaitzat: “2127. Bestea ta estea. […] (B-g). 1. ald.: Bestea, auntzaren odolostea. […] (B-mu). 2. ald.: Bestea, txakurraren atzeko estea. […] (B-l). 3. ald.: Au ta ori ta bestea, estea. […] (G-arr)”; “716. Au ta ori ta bestea, txakurraren odolostea. […] B-l-mu).
Aukera bi ditugunean, bata eta bestea bardin antzekoak diralako mezu honen lekukorik zaharrena, gure errefrau bildumetan, XVI. mende barreneko harakoa dogu: “Baterren beste, /da anaje. // Uno por otro, es hermano.” (RS 105).
Adolfo Arejita