Juan Manuel Etxebarria Zeberioko semea izan dogu gogotara adia berbea ekarri deuskuna, ‘intentzinoa, asmoa, helburua, xedea’ esangura horretarako.
Arratia aldeko hiztun on bati edo besteri entzuna nengoan behin edo behin adia berbea: ‘zeozertarako adia euki’ edo ‘zeozertarako adiagaz’ zer edo ha egiten hasi. Eta ezezka be bai: inorako adirik euki ez.
Hari horri dautsazala, esaldi bi aurreratu deuskuz Juan Manuelek, biak adiagaz soziatiboaz eihoak: “Indabak erosteko adiagaz plazara joan naz” eta “Gorbeiara joateko adiagaz urten dot etxetik”. Orozkon eta Zeberion berba normal-normala dala gogorarazo deusku. Eretxi horretan nengoan neu be.
Gure idazle klasikoetara jo dogu, eta Mateo Zabala idazle bilbotarragaz egin dogu atzera be topo. Idazle honek behin baino sarriago darabilen aditz lokuzinoa da: adia hartu, edo pluralez, adiak hartu.
Erlejino giroko hiru esaldi. Bat, autorkuntza egitera noiz joan adierazoteko autorleari: “Jauna, bada, zortzi egun da, gaur konfesetako gogoa [asmua, adia] artu nebala, ta arrezkero gau ta egun, etxean, soloan, basoan, oean, non gura, beti egon naz, bada… egin bear nazala, egin bear nazala” (Irun). Bigarren bat, lapurretan egitearen gainekoa: “Au ezin egin lei; pekatu da; eta kendu dan gauzea asko bada, edo beinik bein asko kenduteko gogoa [asmua, adia] artu bada, pekatu mortala“ (Irun). Eta hirugarren hau, promesa egiteagazkoa: “Promes benetakoa izateko agindu bear da, dala berbaz, dala biotz utsez; eta ezta asko egiteko gogoa [asmua, adia] artutea; eta ain gitxi egingo leukealakoa eukitea [izatea]” (Irun).
Behin irakurri deutsagu idazle beroni adiagaz soziatiboa be, honako esaldian: “Urteten dabee euren erriti Bilborako, mez’entzun bagarik, bertan gero entzungo dabeenen adiagaz, jakinik besteetan bere alan joanagaiti mezea galdu dabeela ta gero ara orduko ja meza guztiak joan zirean, ta meza bagarik geldituten dira” (Sermoiak II). “Gero entzungo dabeenen adiagaz”, hau da, ‘gero entzungo daben usteagaz’, ‘gero entzuteko amesagaz’.
Non daukan sustraia adia, adiak berba honek? Adi da izen mugagabea, adi-adi (egon) edo aditu aditzaren sustraian dogun hitz berbera. Adi egon esatetik adia hartu esatera ez dago alde handirik.
Euskerazko hiztegietan, Labayru Hiztegian idoro dot, beren-beregi ‘intentzino’ adiera hau jasorik, baina adibide zehe ugariakaz. Halan: “Adi gaiztoagaz dator: Viene con malas intenciones”. “Zuei gauza onak irakasteko adiagaz nator: Vengo con la intención de enseñaros cosas buenas”. “Zenbat denpora da ezkontzeko adia hartu dozula?: ¿Desde cuándo tienes intención de casarte?”. “Adiak hartu doguz Ameriketara joateko: Tenemos intención de ir a América”.
Adolfo Arejita