Kontzeptu berbera da gaurko hiztunontzat arrastia eta arratsaldea. Bizkaiaren sartaldean arrastia gorde da, baina Bizkai erdialdetik (Urdaibai, Durangaldea) ekialderantz arratsaldea, edo laburturik atsaldea esaten da.
Arrastia gaur esaten danaren atzean arrastegi izen zaharragoa dogu. Gure klasikoek, sartalderengoek berariaz, arrastegia idatzi izan dabe, eta eremu zabalagoan arrastei barriagoa erabili izan da (frai Bartolome, J.A. Uriarte eta oraintsuagoko askok). Frai Bartolome etxebarritarrak bietara darabil. Era osoa sarriago: “Guztia da priesea piesta eguna, arrastegian piestara joateagaiti” (Olgeeta), “Atsoak badira, ta endamas seme-alabak an [erromerian] daukeezanak, azeria oilloa jaten baino pozagorik dagoz plaza baztar bateti edo bentana zulo bateti dantzeari begira arrastegi guztian kansau bagarik” (Olgeeta). Baina era laburragoaz be bai inoiz: “Zeinbat kristinauk, jai domeken goxik geiena eragotzitako bear modu askotan iragota, arrastei guztia ta gabaren zati bat diabrua serbiduten iragoten dabee?” (Ikasik I). Arrastei aldaerea agiri da bertso-ahapaldi honetan be: “Etxeruntz etozala / pozik arrasteian, / aixe barik asi zan / euria mendian” (Poesia.Bascongada 424).
Eta horretatik garatu da, bokalak bardinduz, arrasti modernoa. Arrasti aldaera hau barri samarra dogu, arrastegi eta arrastei zaharragoen ebakera modernoa; berbaz indartsuagoa idatzizko tradizinoan baino. Baina, dana dala, berbaz ez eze, idazleetan be estimazino puntutxoa irabazi dau ebakera honek. Halan Erkiaga lekeitiarrarenean: “Arrasti erdian, bideak aurrera doalarik, erriko plaza txikerrean, tanbolin soiñua dantzu” (Batetik.Bestera). Eta bardin Bit. Gandiaga mendatarrarenean: “Arrasti epeletan eliza torreari bueltaka dabiltzan elaiak baiño txoroago” (Elorri). Edo Tomas Gerrikagoitia bollibartarrarenean: “Arrasti guztia pasau, ta berbak eta kejak bakarrik entzunda etxera” (Arantza).
Eta azkenez arratsa daukagu, gaur berba bakun modura erdi aldendu dana, edo bakan erabilia. Lehen arrratsa eritxonari gerora iluntze edo ilunde izenek hartu deutsie gainea. Akordura jatortaz harako ‘Frantzia kortekoa’ deritxon baladearen akaburengo kopletariko baten berbak, Zeanuriko bertsino zaharrean: “Ai amaginarraba, muskerrez betea, / sugeak eingo al deutso / arratseko ogea” (‘iluntzerako, gauerako’ ohea sugeak egin deion birao-opestea egozten deutso erran gazteak amaginarreba deunge heriotzaginari).
Amodio kopletan be, neskatileak bere isileko amoranteari gomendatzen deutso, ez egun argiz etorteko berarenera, ezpada: Zatoz arratsean dirautso, hau da, ‘ilunabarrean’.
Adolfo Arejita