Esaldi jakin baten barruan berben ordena zelan erabagi dogu aztergai artikulu honetan. Hona adibidea “Milaka isileko kontu entzun dot”, “Isileko milaka kontu entzun dot”, “Milaka kontu isileko entzun dot”, eta laugarren bat: “Milaka entzun dodaz isileko kontuak”.
Laurak dira zuzenak, baina ordena bat edo beste bat erabili, esangurea ez da guztiz bat, arean diferentea baino.
Milaka isileko kontu egitura horretan isileko kontu(ak) izen-multzoa da sintagma horren ardatza, eta milaka zenbatzaileak izen multzo osoari eragiten deutso: isileko adnominalari eta kontu izenari: alkarkuntza bikotx horri guztiari. Milaka dira isileko kontuak, ez bestetariko kontuak, ezpada isileko kontuak.
Bigarren aukerea, isileko milaka kontu dogu. Ordena horretan milaka kontu dogu sintagmaren ardatza, eta isileko adnominala inguru-laguntzailea, ondoko izen multzoaren osagarria. Bigarren honek ez dirudi hain erabilia; aurrekoa baizen gitxiago.
Hirugarren ordena-egiturea, milaka kontu isileko, zuzena izateaz gain, estilo landuaren eredu dogu, klasikotasun usainekoa. Lehenengo egiturearen balio hur-hurrekoa dau. Baina isileko, kontu izenaren aurre posizinoko adnominal izatetik izen osteko posizinoko adjektibo izatera ekarri dogu. Horrek esan gura dau, isileko, adjektibo kategoriako bihurtu dogun ezkero, kontu izenari are estuago loturik dagoala, adnominal kategoriakoa baino. Literatura landuan egitura gomendagarritzat joko genduke.
Laugarren egituran, Milaka entzun dodaz isileko kontuak horretan, perpaus egiturara destolestu dogu, aurreko hiruretan izen sintagma mailan baturik geunkan informazinoa: milaka batetik eta isileko kontuak bestetik. Oinarrian perpaus modura formulatuta: milaka dira isileko kontuak. Subjektu funtzinoan isileko kontuak eta milaka zenbatzaile-sintagma predikatu funtzinoan. Idazleak aukeran dauen ordena: luzetxoagoa, baina irakurleen arabera didaktikoago edo ulergarriagoa izan daitekena.
Adolfo Arejita