Aibarrok eta Mogelek batutako esakera hau ez da hitzez hitz ulertu behar. Hitzok irakurrita leku guztietan txakurrak ortozik ibilten direla ulertu behar dogu; Ameriketan, adibidez, txakurrak ez direla lukainkagaz loturik joaten; leku guztietan gertatzen dan antzera, han be txakurrak sokeagaz lotuta joaten direla. Esakera honek leku guztietan egoera bardintsuak gertatzen direla dinosku; hau da, leku guztietan gorabeherak dagozala, ez dagoala paradisurik.
Horren antzekoa dogu erderazko En todas las casas cuecen habas esakera. Baba hori eguneroko gauza bat da, tripa betegarri eta asegarri oinarrizkoena, luxu handirik ez daukana. Etxe guztietan jaten dira babak, lantzean behin edo nonoz akaso beste gauza bereziren bat jan leiteke, baina egunerokotasunean eta normalean, mahai gainean babak dira nagusi. Gaztelerazko esakera honek, gainera, buztantxo bat dauka: En todas las casas cuecen habas, y en la ma, a calderadas. Honek norberaren etxean kontuak besteetan baino leunagoak ez dagozala esan gura dau.
Euskeraz be gaztelerako esakera horren parekoa aurkitu daikegu: Mundu handian, kontu handiak; eta gure etxean, handiagoak.