Gramatika batzuetan esaten da “Sargori dago», baina gero itzelezko sargoria zegoen. Zein da zuzena? Sargori dago ala sargoria? Zelan esan behar da: Hotza egiten dau ala hotz egiten dau?”
Oinarri-oinarrizko eguraldi-fenomeno batzuen izenak, edo adjektiboak, mugagabez erabilten ditugu egon aditzagaz, eta egiten dau aditzagaz berebat. Eguraldi-hitzok, batzuetan izen dira, beste batzuetan adjektibo, baina gehienetan erdibideko kategoriak dira.
Mugagabez esaten ditugu: Hotz dago, Hemen hotz dago edo Hotz egiten dau. Bero dago edo Hemen bero dago edo Bero egiten dau. Sargori dago edo Sargori egiten dau. Adjektibo garbiak dira beste batzuetan: Epel dago. Fresko dago edo Fresko egiten dau. Hozkirri edo hozpera pertsonakaitik, gizakion gorabeheran, darabilguz ia beti: Hozkirri nago. Hozpera nago.
Baina goiko eguraldi-hitzok beste adjektibo batez edo izenlagun batez lagundurik darabilguzanean, orduan -a mugatzaileaz markatzen ditugu: Hotz handiA dago. Itzelezko beroA dago. Sekulako hotzA egin dau.
Sargori dago edo sargori egiten dau dinogu batetik, baina Egun sargoriA dago edo daukagu edo egiten dauela, bestetik.
Baina beste eguraldi-fenomeno batzuk beti darabilguz mugatzaileaz. Halan haizea, txingorra, edurra, leia edo izotza eta abar. Eta dinogu: HaizeA dabil. EdurrA egin dau. TxingorrA edo InetaziA da.
Gramatiketan, batez be didaktiko edo errazbidekoak diranean, gauzak sinpletzera egiten da, baina erabilera erreala, hizkuntza bizikoa, korapilatsuagoa da batzuetan.
Adolfo Arejita