Labur esanda, esango neuke itsastarren artean esaten dala bokarta eta lehortarren artean, edo lur barrukoen artean, antxobea. Andaluzia aldean ‘bokeroia’ (boquerón) da entzuten dana.
Ondarroatarrakaz ikasi neban gaztetxotan bokarta berbea. Orain sarriago, Ramon Basaldua bermeotarrari irratiz. Eta Santandere aldean ikasi neban aspaldi ‘bocarte’ berbea, jatetxeetako menuetan be halan agiri dana.
Bokarta, frantses erromantzeetatik sartua dala esan lei. Bocard deritxo frantsesez. Handik sartu dala dirudi Kantauri aldeko gaztelaniara be: bocarte.
Euskaltzaindiak 1983-74 urte inguruan datuak batu zituan dialektologia Atlasak darakus, euskaldunen artean antxoa edo honen aldaeraren bat dala nagusi. Eta bokart berbea itsasaldeko herrietan agiri da, ez handik kanpora.
Lekeition bertan be hauxe agertu eban bertako barriemoile batek; ‘txaputxerua’, lehortarra, antza danez: “Mariñeruak bokarta. Antxobia guk geio”. Lasarteko barriemoileak bereizi egiten zituan bokarta eta antxoa, esanez: “Bokarta baino ttikiago da antxoa”.
Albokarte izen-aldaera be erabili izan da izentzat. Augustin Zubikaraik bere Ondarroako hiztegitxoan hiru berba aitatzen ditu Ondarroakotzat: «Albokarte, antxoa, bokarte» (Ondarroa 235). Eta itsas hiztegi batek be, ‘anchoa’ gaztelaniazkoarentzat “bokarta, albokartia, antxua” izendatzen ditu (Fauna.Marina 37).
Domingo Agirrek Kresala elabarrian, bokarta badarabil. Pasarte baten dino: “Antxobea, bokarta edo sardiñatxoa, soloetarako, satsa legez be salduten da, oso merke” (Kresala). Eta aurrerago, beste baten: “Norbaiten txalopeak bokarte asko hartu badau” (Kresala).
Gudu aurrean Bermeoko berbetan antzerki-lanak idatzi zituan Robustiano Ortuzar abadeak halan idatzi eban: “Bokarta despeskaten dirue naikue sartun dau partikerara” (Oroigarriak).
Mendaro Txirristaka bertsolariak: “Besteri egiteko esan bijiliak, / bokartak itxasuan / bezela baliak”. Eta amaitzeko Eusebio Erkiaga lekeitiarrak: “Udabarriko bokart eta sardiñatako aldiari agur eginik, atuneta-sasoia” (Arranegi).
Labur esanda:
Antxoa (anxoba) eta bokart, albokarte berbak, biak dira erromantze-hizkuntzetatik euskerara sartuak. Antxoa be mailegu-izena dogu, baina euskal berbeta guztietan hedatua, Ipar eta Hego.
Bokart berbea arrantzu-mundutik sartu da euskeran, arrantzuan jardun izan dabenen bitartez. Susmo nagusia, Iparraldeko erromantzeetatik sartu dalakoa, bai gaztelaniaz, bai kosta-herrietako euskeran.
Errefrauetara joten badogu, batek dino: “Lorarik ederrena, maiatzeko antxobia”, Azkuek Markinaldean batua (EZBB II 49). Eta sukalderako aholkua be badamaigu Azkuek: “Pla-pla egindako antxoak lako arrainik ez dago” (V-m).
Amaitu daidan, Bilintxek, jatun handia zan abade bati bere aldian eskeini eutsazan bertsoen (Apaiz babarrun-jalea) pasarte honegaz: “Dozenaka tragatzen / zituen [barbantzu] aleak, / maskatu ere gabe / tripazai jaleak, / alako aisa nola / antxoa baleak” (Bilintx).
Adolfo Arejita