Ospitalean, edadeko gizon batek beste paziente bati emondako aholkua, oinetatik ebakuntza egin edo ez egitearen kontura: “Ez operau! Andrea daukat zehatz galduta”.
Aditz partizipio adberbial bat graduatzeko erabilita entzuten da gehien bat zehatz adberbio graduatzailea. Aditz partizipioak adiera ezezgarria euki ohi dau sarritan: jota, galduta, hondatuta, mozkortuta e.a. Neure corpus berezian ditudan esaldi bi hautatu ditut, zehatz (ahoz zietz be bai) darabilenak. Bata, norbaiten osasun egoereaz: “Urtebetean ikusi barik eta oin zehatz hondatuta topau dot”. Bigarrena, norbaitek burua galduta daukalakoaz: “Zehatz jota dago” (‘está completamente loco’).
Beste hainbat graduatzaile be badarabilguz ingurune beretsuetan, edo adjektiboak, edo adberbioak edo aditz partizipio adberbialak indartzeko. Zerrenda luzea osotuko leukie berez, baina guk gitxi batzuk hautatu ditugu honako, berbaz guztiz hurreko egiten jakuzanak: garbi, ondo eta zeharo.
– Garbi adjektibo-adberbioa dogu horreetariko bat. Adjektiboak indartzeko darabilgu batzuetan. Berbaz entzuniko esaldi bi. Bata: “Alpergura garbia da”. Bigarrena, Sopelan batua: “Andanabako garbia da!”, ‘ganorabako garbia’ dala esateko (Agurtzane Iturregi).
Baina garbi, aditzak indartzeko darabilgu sarrien graduatzaile lez. Halan esaten da: “Aspaldion garbi ganorabakotu jaku gizon hori.” Edo: “Neskatilea ezagutu ebanean, garbi zoratu zan beragaz”. Baina gehienetan aditz partizipio adberbialakaz. Halan: “Hori esateko, garbi endregauta zagoz zu!”. Edo: “Garbi mozkortuta etorri zan etxera”. Edo: “Harrituta nago garbi!”, lehengo baten Laura Uruburu idazleari harrapau neutsan lez.
– Ondo adberbioa be benetan ugaria da graduatzaile lez. Sartaldeko berbakeran zabal erabilia. Tradizino idatzian be ezaguna, baina berbazkoan askoz be biziago darabilguna.
Zein kategoriaren graduatzaile ete dogu garbi? Adjektiboena sarri. Halan: “Gizon hori ondo popularra izan da”. Edo: “Neskatoa be ondo polita topau dau, gero!”. Edo: “Gizonaren asmoakaz ondo jakitun egoan andrea”. Ildo honetan, gogora ekartekoa da esaera ezagun bat, dinoana: “Osasuna, bakea, ta lapiko ondo betea”.
Adberbioak indartzeko be sarri darabilgu ondo. Halan esaten da: “Atera ezin inondik inora. Ondo sakon egon da, gero!”. “Ondo formal zabilz aspaldion!”. “Hilda esan dozu? Ondo bizirik dago hori”. “Diruak ondo gorderik daroaz soinean”.
Klasikoen artean, hara Añibarro idazle arratiarrak darabilen esaldi hau: “Ondo gitxi esketan deust Jangoikoak, salbatu nadin” (Esku.Librua).
Aditz partizipio adberbialakaz be bai. Halan: “Atea ondo zarratuta euki dau, badaezpadan inork entzun edo barruntau ez daian”.
– Zeharo adberbioa, Bizkai partean baino gipuzkera alderdian indar gehiagoz entzun eta irakurten da. Hara geure idazle batzuen esanak:
Adjektiboakaz. Halan Domingo Agirrek: “Batzuk zearo apalak, bidegabeko arrokerietan behin ere ibili ez diranak” (Garoa). Edo Lizardik: “Bizitza-bidea ez da zearo garratz; ez du beti eguzki, besteetan bezela odeiak jartzen baitira bitarte” (Umezurtz). “Egin gaitean leenbizi zearo guretar, zearo euskotar” (Itz.lauz). Nemesio Etxanizek: “Bere burua batere kolorerik gabea, zearo nabarra, grisa zala konturatu zan” (Lur.berri). Edo Uztapide bertsolariak: “Garai bateko basarritarra / etzan ziaro eroa” (Sasoia).
Aditz partizipioakaz darabilgun adibidea: “Gaixoa pasau zebanetik zeharo txangalduta dago» (Elexpuru Bergara).
Adolfo Arejita