Jesus Zugazaga Gatika-Mungia bitarte horretako ikertzaileak gaztelaniaz azaldu dauen esaldia. Dino:
“Esapide zaharra, gitxienez Mungialdean erabilten dana. . (…) Gaztelaniaz ‘¡Qué raro! ¡Qué extraño!’ esangurakoa. Orain dala egun bi erabili eban, beti aitagaz paseoan kaletik ibilten dan lagun bat agurtzeko. “Asko da, aitte barik kaletik zu ikustea!”. Birritan itaundu eustan, ea zer esan gura neban horregaz. Eta azaldu neutsan, esan gura ebala: “¡Qué raro es verte por la calle sin tu padre!”. Lastima galanta da, euskerazko horrelako esapideak galtzen ikustea”. (2023-05-05).
Asko izan aditz lokuzinoaz eregitako esaldia, normalean ‘harridura’ edo ‘esklamazino’ eran erabili ohi dogu. Gizonezkoen artean: Asko dok ba! Edo andrazkoen artean: Asko don(a)) ba! Eta batez be era neutroan: Asko da ba! Erabilgune nagusia: ezusteko zerbaiten aurrean, harrigarri egin jakun zeozeren aurrean.
Baina asko izan edo asko ez izan (asko da, ez da asko) lokuzinoen balio zaharrak oinarri sakonagoa dauka: asko da esaten zan lehenago, orain nahikoa da, aski da esaten danerako, gazt. ‘basta’, eta ez da asko esaten zan, gaur ‘ez da nahikoa’, gazt. ‘no basta’ esaten danerako.
Eta hondino be, bizkaieraren ekialdean eta gipuzkeran balio zahar hori bizirik dago. Zegamako bati ez hain aspaldi entzuna: “Hi! Asko dek, gizona, asko dek! Isildu hadi!” (Joseba Etxeberria).
Arrasateko seme zan baten kontaera-idatzi batetik hartua: “Harek esaten juan, ehiztari ona izateko etzala asko eskopeta eta txakur onak eukitia” (Birraitona Tiburtzio).
Idazleetan eredu bikainak ditugu. Bat frai Bartolomerena: “Gizon bat nai emakume bat da asko, etxe aberats bat pobretuteko” (Ikasik III). Beste bat ezezka emona, Agirre Asteasukorena: “Kontuz ereitea gauza bearra da fruturik izango bada; baiña ezta oraindik asko abustura iristeko” (Erakus 443). Eta amaitzeko, Añibarro arratiarraren adierazpen bat: “Ezta asko [mandamentuak] buruz jakitea; jakin bear da zerbait azaldura edo esplikaziño euren adimenerako” (MisE 139).
Adolfo Arejita