Hedabideren baten entzuna hurrengo hau be: “Hondino be euria dariola da.”
Euria dala-ta dariola erabilten danik ez dot uste. Hiztunen ezpanetan: Euria dariola da, egitura arrotza da. Egia da bai, dariola, isurkariei buruz darabilgula ia beti, baina ortzetik goitik behera euria, edurra, txingorra edo beste fenomeno atmosferiko bat danean, ez ezelan be.
Noiz eta zertarako, zein ingurunetan, darabilgu batez be dariola adizki adberbiala? Jarioan, irristean edo isurian doana adierazoteko gehienetan; eta gitxi batzuetan, dingilizka, zintzilik dagoan gauzearentzat be bai.
Dariola aditz trinko modala dogu, jario edo jarin aditz partizipio zaharraren adizkia. Gaur egun hiztunontzat adizki izoztua da, eta batez be era adberbial legez finkatu dana -la atzizkiaz.
Dario-ren edukia isurkaria da berez, gazt. ‘fluir’ dan antzera. Hatxari URA DARIO izan daiteke ereduzko egiturea: zeri-zer edo nori-zer argumentu egitureaz. Eta isurkarietatik erdi-solido diranetara be hedatu da ingurune batzuetan.
Zer darion zeri edo nori, adibide batzukaz on egingo dogu.
– Maiztasunez darabilguzan isurkari-izenak dira: Adurra dariola. Bitsa ahotik dariola. Izerdia dariola. Negarra edo negar-anpulua dariola. Odola dariola. Ura dariola.
Erdi-isurkari edo solido bigun diran materiakaz: Mokoa dariola. “Erretxinea dariola dagoz pinuak”. Haragiak dariola (lodiaren lodiz).
Gasezko materiakaz be bai. Kea dariola: “keie dariola lapiko aundi bat aurrien dabela” (T. Gerrikagoitia Larrosa). Hatsa dariola. Lurruna dariola (lapikoa). Putza eta uzkarra be hemen sartzen dira: “Uzkerra eta putza dariola”. Sua dariola, pertsona bat ‘hasarre bizian’ dagoala esateko.
Garra dariola: “Anbotoko sorgina garra dariola joan ei zan Oizera”. Polita da Jesus Eguzkitza Arrazolako semeari aspalditxo batu neutsan esaldi hau: “Mari Urrikak txinparta ta lantarra dariola zeharkatzen ei zituan zeruak Anbototik Oizera” (2019-I).
Eta balio figuratiboaz beste izen batzukaz be bardin. Halan: Guzurra dariola. Muxikan aspaldi batu neban esakera bat: “Adurretik be guzurra dariola ibilten da hori”, gaztelaniaz “miente más que habla” danaren ordain bikaina.
– Lehenago pluralez be erabilten zan; gaur nekezago. Halan: dariozala, darioezala e.a. “Arako min berde nasai ta askatuak nai murmuratzailleak arrakalaurik ta aar goaiak darijoezala” (J. J. Mogel Mayatz).
– Beste pertsona batzuetako adizki trinkoak be badira.
Dariela (darioela): hareei.
Darigula: guri. Halan dakar Arrese-Beitia idazle otxandioarrak: “Gaiñera laboreai / gagoz gu begira, / adurra darigula, / ontxoak badira. / Ez daukagu munduko / handien amesik; / abere ta lurrakaz / bizi gara pozik” (Ama.Euskeria).
Dariana (hiri, andrazkoari). Errefrau barruan: “Mairiena, atzetik dandarra darijana” (errefraua).
– Iraganeko adizkiak be ezagunak dira. Eta lehen erabiliagoak ziran. Halan:
Erigula: “Gogoan dot oraindo zelan umetan entzun geroazan aoa zabalik, eta adurra erigula, Peru ta Mariaren ipuin sustraibaakoak” (Mat.Zabala Ipuiñak).
– Euskera zaharrean -la atzizki bako adizkiak normalak ziran. Halan dario: Kandelarioz, esan edo kantau izan dan errezitadu ezagunean agiri da: “Kandelario, lario / hatxari ura dario”. Darizu (zuri izerdia). Niri jariotea dan kasurako, Mogelek, darit ordez darijat darabil lehen pertsonarako: “odola darijat arpegiti beera” (PAb).
Dariona, erlatiboa: “Eskuakin, begiakin ta arpegiko jereagaz guztia lujuriaren sua dariona«. (fray Bartolo Olgeetak).
Adolfo Arejita