Izenburuko esaldia zuzena da? Zuzena da izan, baina ez, gure eretxian, erarik zehatzena. Izan be, iragarki horren irudian lagun bi agiri dira, eta kafea hartzeko gonbita egiten deutso batak besteari. Susmetan dot, kafe bana hartzeko gonbita dala, eta ez bien artean kafe erdi bana, edo kafe bakarra erdibana. Lehenengo aukerea da arrazoizkoa eta euskal hiztun sendoek erabilten dabena: kafe baNA.
Astegoieneko eguerdi baten tabernan zuritxo bat edatea bada kontua, baina norberak bakarrik barik, lagun bategaz edo lagunartean hartzeko kontua bada, esan daroagu: “Zuritxo bana hartuko joagu/jonagu ala?”. Hau da, hartzeko garan generoa, edaria, bat bada, baina bakotxak bat hartzea, -na atzizki banakariaz (distributiboaz) markatzen dogu euskeraz era automatikoz. Lehenengo edanaldian, zuritxo bana edo kafetxo bana izango da. Baina edatea luzatzen bada taberna batetik bestera joanez, bina, hiruna edo launa izatera be luzatu leiteke jarduna. Edozelan be, kortesiazko gonbita bana hartzera izaten da.
Nondik datorke, bana erabili beharreko ingurune horretan bat soila erabilteko joerea? Gaztelania eta inguruko erderetatik, sakonean. Gaztelaniaz itaun bera un determinatzaileaz egin ohi dalako: ¿Tomamos UN café? ¿UN vino? ¿UNA cerveza? Hau da, gaztelaniaz (eta beste erderetan) neutralizatu egiten da euskeraz bat/bana, bi/bina, hiru/hiruna egitura bikotxaz egiten dogun bereizkuntza.
Irrati-jardunean, batez be urtegunen inguruan zorion-emote formulak darabilguzanean be egitura biok bardintzera joten dogu konturatu barik: Besarkada bat guztioi. Mosu bat biontzat e.a. Baina badira irrati-entzule finak, mosu bana, besarkada bana, agur bana esaten dakienak, bat baino gehiago diranean hartzaileak.
Lehengora bihurtuta, egin daigun gonbita, esanez: Kafetxo baNA hartuko dogu?
Adolfo Arejita