Lehenengo esan behar dana da -ik atzizki partitiboa ez dala beti era automatikoz erabilten, esaldia ezezka emona izan arren. Badira salbuespen garbi eta gardenak, zeintzuetan ez datorren erara -ik/-rik partitiboa.
Oraingo kasuan hainbeste zenbatzailea agiri dan izen sintagma egiturea da atzizki partitiboaz agiri jakuna: hainbeste edurrIK EZ egitura horretan.
Baiezka esan geinke: Hainbeste edur bota dauela. Baina ezezka esan gura badogu hori bera, nahikoa da esatea: Hainbeste edur ez dau bota, eta ez dogu zertan esan: *Hainbeste edurrIK ez dau bota. Arrazoia da hainbeste zenbatzailea badarabilgu esaldi horretan, berez ez dauela onatzen -ik partitiboa.
Baiezka esan geinke: Hainbeste jente etorri da. Eta ezezka: Hainbeste lagun ez da etorri. Baina ez: *Hainbeste lagunik ez da etorri.
Baiezka: Hainbat diru irabazi eban. Eta ezezka: Hainbat diru ez eban irabazi.
Beste zenbatzaile batzukaz be bardin jokatu izan dau euskereak, partitiboa dala-ta: Lan asko. Edozenbat zeregin. Ardura gitxi. Nahikoa burukomin.
Adolfo Arejita