Bada errefrau bat gaztelaniaz, arratoiaren burua eta elefante edo lehoiaren buztana konparagarritzat aitatzen dituana. “Más vale ser cabeza de ratón que cola de león”. Euskeraz bada horren bardinik? [SAGUAREN BURU izan hobe LEHOIAREN BUZTAN izan baino].
Norbera txikia izan arren, txikitasun horretan bere buruaren jabe izan hobe dauela, ugazaba nagusiago baten azkenengo hutsaren hurrengoa baino. Hori da mezua.
Sagu-katuen irudipean erakusten da konparantza hori errefrau batzuetan. Hurrengo hau lekuko: “Hobe xaguaren burua izan, katuaren buztana baino” (Garate Atsot 11566).
Katu-saguen irudiaz ondua da beste hau be: “Katuak atzaparrak, zakurrak ortzak eta saguaren zulotik ezin sartu. (limitaciones de la fuerza bruta)” (Mokoroa OE 91798).
Goiko mezu beretsuaren eroale dira besteok be, beste irudiren bategaz:
– Arbolearen irudiaz, beste arbolen gerizpean ezin daitekela egon aditzen emoteko: “Arboliek, bestien azpidxen ezteu balidxo”(Garate Atsot 1060).
– Txori handi eta txikien konparagarria dogu beste honetan: “Ontza txoriyen artean nagusi” (Garate Atsot 6946).
– Jente harroaren izakunean zuzenean joten dau hurrengo honek: “Harroa beti aurrena” (Garate Atsot 6717).
Amaitzeko, beste hizkuntza batzuetan be baditu kideak goiburuko horrek. Ingelesez, bat ordain zuzen-zuzena: “Better be head of a dog, than the tail of a lion” (1651). Ingelesezko beste hau bestelako irudiaz ondua da: “Better to reign in hell than serve in heaven” (3119). Hau da: ‘Hoba da inpernuan nagusi izan, zeruetan morroi baino’. Eta hirugarren honek be, beste irudi bategaz, mezu beretsua: “Better to rule than be ruled by the rout” (3182). Hau da: Hoba da norberak gidatu (/ gobernatu), errepideak norbera gidatzea (/ gobernatzea) baino.
Adolfo Arejita