Euskaldunon ezpanetan sarri entzuten diran adjektibo bi: zantarra eta zatarra. Bada diferentziarik berba bataren eta bestearen artean?
Zantar adjektiboa honako balio edo adierakaz agiri da gure tradizinoan:
– Zikina: [lekua] “Eurakati yaio zinean abel etse edo korta zantar baten” (Añ EL2 106.).
[soineko zahar] “Olagizon baten obrera edo alkandora zantarra” (Mg CO 19). “Ez zeru-luurren egilleari datorkion anditasunagaz, ez mundu guztiaren jaubeari datorkion itzal majestadeagaz, ezpada gure aragizko jazteko zar, urratu eta zantarragaz janzirik” (Zabala Bermeo). “Etse aldatzea dozuenean, eztaroazuez tresna zar guztiak garbitu eta zorki zantar guztigiñoak zuritu?” (Zabala Arantzazu).
[jatekoa]: “Gure lapikoko arbi, aza ta okela zantarra urre biurtuko jako bere auan” (Mg PAb).
[berba, kanta]: “Kanta ta destaña zantarrik […] imini badozuz; edo alangoak gogoti entzuten egon bazara. Añ EL2 146. ”.
[abere, patari, piztia]: “Eizari, edo kazadore batek jarraituten deutsa basaurdiari, jaurtigiten deutsa tirua […] ta bertan geratuten da illik abere zantarra”. Mg CO 45. ”
– itsusia: [hitz, berba]: “Zetarako esan barberua, labañia ta onelango izen arrotz zantar ta erbestekuai artubak? Mg PAb 47).
[animaliak]: “Lurreko ar zantar billau atsituena” (Añibarro VocesBasc).
– Sexu eta neska-mutil hartuemonen gorabeheran sarri erabili izan da, bai pertsonak, bai euren egiteak aditzen emoteko.
[zirriak] “Ikasirik daukazu ukutza loi-zantarra egiteko izkune lotsagarria” (Zabala Arantzazu).
[begirakune, begitukera]: “Begirakune zantarrak, berbeta eta adiskidetasun arrisku andikoak. (Iturzaeta Azalduera 103).
[ames, ameseta]: “Ames zantarrak eukitia berez pekatu ez da” Mg CO 153. ”.
– Persona gaiztoa adierazoteko, gazt. ‘vil’ “–I, badakit nik ze aizan i, ganbelua galanta. –Baita i astaputz zantarra.” Ag AL 34. ”. “Zantar-zantar ori, ire aitaren aurka auzitan diarduk!” (Zaitegi Sofokel). “Ama zantarraren azpikeriz deunge atzitua izan zan Agamenon” (Zaitegi Sofokel).
Zantartasuna: “Arek zantartasune igerri-igerridxen deko”. [Barrutia. Laura].
Zatar adjektiboaren eremu batzuk:
– Gizaki lotsabagea, “turbio”. Etikarik bako jenteagaitik sarri. Garbi jokatzen ez dauena; azpikeriaz eta maltzurkeriaz. “Zatarra zer da ba!” (Barrutia. Bitoriano Uruburu).
Zatarto: fig.ederto baten. “Zatarto ibilli ziran danak ba!” (Ondarroa. Josune Ariztondo).
Zatartu: 1 ad. zantartu. Udabarriagaz zaldiak eurak be zatartu egiten dira. (Arratzu. Barrutia) 2 ad. itsustu, motzitu. 3 ad. lotsabagatu. Berbarik egin gura ezik eta zatartuta parau da aspaldion. 4 ad. haserretu: Hori esan neutsanean, zatartu egin jakon, eta ez eustan berbarik be egin. (Markina. Jabier Kalzakorta).
Adolfo Arejita