Hedabideetan irakurri dogun mezu bat: “Atzo honen moduko patinete bat ahaztu genuen plazan”. Ahaztu aditzaren jokoa ondo erabilita dago hor?
“Patinetea ahaztu genuen” dino. Gaztelaniaz: “Lo olvidamos en el parque”. Gaztelaniaren erregimena ezarri deutso ahaztu aditzari. Gramatikaz zuzen idatzita dagoala esango dogu, eta gaurko gazte askok, edo euskera hutsetik ikasi daben askok holantxe esango leukie.
Ahaztu aditza jokatzeko era bat baino gehiago dira, eta estiloaren aldetik, esaldi horretan agiri dana baino askoz geureagoak ditugunak.
Ahaztu aditzak, buru-jardunaz edo buru-gogoeteaz zerikusia daben beste aditz batzuk lez, berbarako: akordau, gogoratu, gomutau, otu, iruditu, begitandu eta holakoak, erregimen diferenteak onartzen ditue aditza jokatueran. Zehaztu daiguzan:
a) Aukera bat, aditz perifrasia erabilita, ahaztuta itxi edo ahazturik itxi aditz multzoa: Patinetea ahaztuta itxi genduan plazan.
b) Bigarren bat, zer-nori argumentu egitureaz: Patinetea plazan ahaztu jakun atzo.
c) Hirugarren aukera bat, aditz iragankorragaz, nork zer ahaztu egitureaz: Plazan ahaztu genduan patinetea.
Aditz laguntzailea hartzeko orduan, gogoan izan daigun hiru adizki-era nagusi ditugula aukeran:
– Lehenengoa, nori zer ahaztu jakon: Personearen ikuspegi pasiboa da ahaztute kontu horretan: nori ahaztu.
– Bigarrena, nor zegaz / zerez ahaztu dan. Personea parte aktiboa da ahaztute kontuan, baina nor subjektuagaz josten dogu esaldia.
– Eta hirugarrena, nork zer ahaztu dauen. Subjektuak paper aktiboa hartzen dau nork ergatiboaren bidez: gu geu gara ahaztute kontu horretan errudun edo eragile nagusi.
Beste esaldi bat adigarritzat erabilita, emon geinke mezua esanaz: a) Ahaztu jat orduan jazo zana. b) Ahaztu naz orduan jazo zanagaz. c) Ahaztu dot orduan jazo zana (edo: Ez daukat akorduan).
– Lehenengo argumentu egiturea (nori zer ahaztu) dogu gure hizkuntzan zaharrena eta indartsuena, bai tradizino idatzian, bai berbaz. Zeozer burutik joan jakonean bati (alzeihmerra), hurreko batek esan lei: “Dan-dana ahaztuten jako. Ez deutso buruan ezeri eusten”. Mateo Zabalaren adibide pare bat: “Beingo aratuteari ez asko eretxita, bigarren ikusialditxu bat emoiezue, badaezpada ezer aztu bajatzue bere” (Irun 4), “eta umetan bere gauzak eztoaz ain bete-betean artuten; eta guztiz aztu egin jatzun” (Irun 38).
Bide batez, ahaztute kontuan Lekeition aspaldi ikasi neban esaera zirikatzailea: Ah! Akordatia ahaztu jatzu!
– Bigarren egiturea be sarri darabilgu (nor zegaz ahaztu), eta kontestu batzuetan gurago izaten dau hiztunak hau erabili, aurrekoa baino. Mutil bati neska bategaz beti amesetan egotea subertau leio, baina hurreko batek aholkatu leio: “Ha honezkero ahaztu da zugaz. Kendu eizu burutik”.
– Eta hirugarrena be (nork zer ahaztu) zuzena da eta hainbat erabilia, gehiegi beharbada, gaztelaniaren eraginez. Gaztelaniaz joera handia dagoalako “olvidarse de” pasiboa baino gehiago “olvidar algo” esateko.
– Modu inpertsonalean be sarri darabilgu ahaztu. Eta aintzat hartzekoa da guztiz, maiztasun handikoa dalako. Adib.: “Txikitan ikasitakoa ez da erraz ahaztuten”. Edo: “Ahaztu dira gure artean lehenagoko ekandu onak”. Edo Mateo Zabalaren esaldi bategaz: “uste izanik ze, zelan gurasoaren azkenengo berbaak bere bizian aztuten eztirean, alantxe nire berba atzerengo oneek bere zeuei biotzean obeto erantzirik ta oraturik geldituko jatzuezala”.
– Baina ahaztute kontua lehenagoko jazoera lez aitatzen dogu sarri hiztunok. Eta horretarako aditz perifrasietara joten dogu. Aditz multzo horretan, aurretik ahaztuta edo ahazturik, eta atzetik euki, egon, itxi, ibili, erabili eta beste aditz batzuk. Halan, kasurako:
Euki aditzagaz: Hori ahaztuta daukat.
Egon aditzagaz: Horregaz ahaztuta nago. Gugaz ahaztuta zagoz aspaldion.
Itxi aditzagaz; patinetearen kontuan esan leitekena: Ahaztuta itxi dau.
Erabili eta ibili aditzakaz: Bere zereginakaz ahaztuta dabil.
Geratu aditzagaz be ezaguna da gure tradizinoan: ahaztuta edo ahazturik geratu zeozer norbaiti. Autorkuntza dala-ta, Mateo Zabalaren baieztapen bat: “Egin, bada, alan; eta ori ondo egin ezkero, (esan beharreko) [pekatu] bat edo beste, edo asko azturik geratuko balitxazuez, ezta orregaitik ezer” (Irun).
Adolfo Arejita