Urrunago joan barik, Artxandapetik Bilbora sartu aurretik, Getxo aldetik edota Mungia edo Zornotza aldetik zatozala, errepide biek bat egiten daben lekuan, lehentasuna Getxo edo Ezkerraldetik datozen autodunek daukie, eta Mungia edo Zornotza aldetik datozanak itxaron beharra daukie, edo gitxienez beste errepidetik ea autorik datorren jagon, alkar jo barik aurrera egiteko.
Gaztelaniazko mezua horrelan irakurtera ohituta gagoz: ezeztapena, galerazpena adierazoten dauen aditza aurretik eta izena hurrengo: prioridad dalakoa.
Euskerazko esaldiak ezagun dau ez dala geure hizkuntzaz sortua izan, ezpada gaztelaniatik hitzez hitz ordaina emona.
Egitura bera zainduta be, atzizki partitiboa erabiliko neuke: LehentasunIK ez duzu, edo ez daukazu, edota: Ez duzu lehentasunIK, edo Ez daukazu lehentasunIK. Baiezka izan balitz, gaztelaniaz: “Tiene prioridad”, eta euskeraz: LehentasunA duzu, edo daukazu. Ezezkako esaldian -a mugatzaileari eusteko modua izango zatekean: LehentasunA ez da zurea. Edo: LehentasunA, zuk ez, besteak dauka idatzi zeitekean. Baina ezeztapean modu absolutuan formulatzen dogunean, -ik partitiboa da ziurrena, argiena izateaz ostean: LehentasunIK ez duzu, edo borobilago edo indartuta esan nahi izan ezkero: LehentasunIK bape…, lehentasunIK ezetarikorik be… ez daukazu.
Bide batez gehitu daigun, errepideetako formulak, edonon dirala be, finko, zehatz eta arautuak izatea eskatzen bada be, ingurune libreagoetan, hitzez hitzezko itzulpenetara jo barik, beste aukera batzuk be hiztunontzat guztiz ulergarriak diranak eskura ditugula. Berbarako: Itxi edo eman pasoa. Utzi pasatzen. Besteari utzi joaten. Besteari utzi aurrea hartzen. Besteak du lehentasuna. Edo beste eraren bat.
Adolfo Arejita