Ikara egiten dauena lurra bada, lurrikarea esaten dogu. Baina ikara egiten dauena itsasoa danean, itsasikarea izango da nonbaiten be, gazt. «maremoto». Hitz bakarrera ekarri gura ez bagenduz, lurraren ikarea eta itsasoaren ikarea.
Baina ikara izen hori beste hainbat kasutan be agiri da hitz alkartu barruan erantsita. Hara ezagunetariko batzuk:
– Bildur-ikarea, bildur eta ikara izen sinonimoak alkartuta, bildurraren gorengo gradua da, gazt. ‘terror, espanto’: «Ze bildur ikarea nirea, bera ikusi dagidanean!», idatzi eban Jose Antonio Uriartek bere Mariaren Illa liburutxoan. Eta Balentin Enbeitak bere bertsoetariko baten: «Laster asi zan kirrin-kurrunka, / kortako bazter danetan saltoka; / karnazerua bildur-ikaraz / eta ugazaba makileagaz» (Nere Apurra).
Izu-ikara aurreko horren esangura berekoa, izu eta ikara hitz sinonimoen alkarkuntzaz.
– Bihotz-ikarea be esaten jako «emozino handi”ari, mailegura joten ibili behar barik. Etxeita nobelagilearen hitzetan: «Guztiz ikaratu zan neskatilla au, ta biotzikara errimeaz, erantzun eutsen» (Josetxo).
– Argi-ikarea esaten jako berbeta batzuetan goizaldeari, goizabarrari; irudi zoragarria. «Goizeko argi-ikaran ezkondu ziran hoiek» idatzi eban Goikoetxea jesulagunak Loiola inguruko bere lexikoian.
– Buztanikara edo epertikarea deritxo gure txori txiki bati be, buztana gora eta behera geratu barik ibilten dauen bati (‘aguzanieves’ gaztelaniaz).
– Esku-ikarea daukala esaten da, edo esku-dardarea daukala, eskuak dardar eragiten deutsanagaitik. Jente zaharraren kasua, jeneralean. Eta arraintxo bat be bada eskuikarea deritxona (gazt. ‘torpedo’), ikutuagaz batera dardar eragiten deutsunari.
– Hagin-ikarea be bada, gazt. ‘dentera’. Eta hortz-ikara be esaten jako berorri.
– Hotzikarea edo sarriago pluralez, hotzikarak, sarri darabilgun berbea da, gorputzaren ondoeza daukagunean.
Eta esamodu erara garatuak dira: hotzez ikara egon eta bildurrez ikara egon, herri-berbetan eta gure literaturan behin baino sarriago erabiliak.
Adolfo Arejita