Izen-alkarketa biren hitz jokoa, esne eta behi izenak ordena bategaz edo itzulitara eratuta, bataren eta bestearen esangura diferenteak erakusteko. Esne-behia dinogunean, behien gorabeheran da jarduna, eta behi-esnea darabilgunean, esneaz dihardugu.
– Behi motak bereiztu orduan, esnetarakoa danean, esne-behia esaten dogu duda barik. Eta behi mota lez, okela-behia edo haragi-behia be esan geinke, gazt. «de carne» dalakoarena. Halanda be, hiztunok errezago esango genduke okelarakoa, haragirakoa dala esanda.
Beste hainbat izen alkartu garatu dira behi bigarren osagai dala, zelako behi moduak diran zehazteko. Halan:
Basabehiak, Mogelek aitatu euskuzan aspaldi Peru Landetako protagonistaren ahoz: “Badaukaguz oneez ostean zortzi basabei, ta basa-idisko galant bat” (PAb). Iztueta zaldibiarrak be kontetan deusku: “Bazala beraren errian mutilla […] basa-beiak ankatik eldu ta, ardia bezala gelditurik, eznea edan oi ziena nai zeban guztian” (Condaira). Eta Lino Akesolok oraintsuagoan: “Emeti bere lagunek errezinoak edaten joaten bazirean be, berak basorantza eiten oan, batzuetan basabeiek ikusten, auntzetara beste batzuetan” (Ipiña).
Larrabehiak esaten jake larran solte ohi dabilen ganaduari. Azken baten, basabehiak eta larrabehiak gauza bera dirala esan lei. Bada errefrau bat, dinoana: “Ama Birjina Martxoko lora, larrabehia mendian gora” (A.Zavala EZBB I 32).
Iztueta zaldibiarrak sasibehiak izenaz aitatzen zituan honetarikoak. Pasarte baten dino: “Bestek ezin atzeman zituen sasibei ta idisko izuak, adarretatik oratu eta menderatu oi zituela” (Condaira).
Esne-behi, goian aitatu dogun izena, guztiz sustraitua dago gure artean, gazt. “vaca lechera” dagoan antzean. Behi esnetsua, edo esnetarako dan behi mota. Agirre Asteasukoren aldian esnebehien balio nagusia etxe batentzat, etxe horretako familia sarri ugariari janari-iturri izatean zetzan: “Sandiak billatzen du eznabei on bat, umeai eta etxekoai eznea bederik emateko” (Erakaste II). Domingo Agirrek baserri-etxeko ganadua izendatzean dino: “Ukuilluan, esne-bei, biantx ta txekor gorri lodiak, belar gozoa mauska-mauska jaten” (Garoa).
Buztarribehiak be ezagun-ohikoak izan ditugu, sartaldean beharbada ezagunagoak buztarriko behiak izendatuta, baina erdi eta ekialdean ezagunagoak segurutik uztar-behiak. Buztarridirik ez egoan etxeetan buztarribehiak erabilten ziran, bai soloa goldatzeko, bai bedar, azpigarri edo dalakoa etxera igaroteko. Azkuek baturik dakarren izena: “»Uztarbeiak […], vacas uncidas, pareja de vacas» (Dicc.). Joxe Migel Barandiarangok pasarte baten aitatzen ditu uztarbehiak eta uztarridiak (“Uztar-bei edo uztar-idiakin lanean dabillenari”) (Euskal leen gizona). “Uztarbeiak soroan, neska-mutillak artojorran” aitatzen da Zeruko Argia astekarian (1954). Zentzun figuratuaz be ahoan dabilen hitza izan da baserri-munduan uztarbehi izena, alkarlanerako edo batzango lanerako gaitasuna dauakana izendatzeko: “Emen gure artean, guziok geron uztarria jasoak gaituk. […] Seme-alabak azi ta erantzuteko gaudek: Jauna! […] Baiña gure artean, uztar-bei izaterik nai izan ez duan bat badiagu” (Nemesio Etxaniz Lur berri billa).
Esnea izen-katearen bigarren osagaitzat darabilgunean, esne horize eratakoa dan adierazoten dogu. Baina izen-alkarketa gauzatu baino lehen, komeni da zehaztea zein esne dan ohikoago edo arruntagoa, eta zein bereziago edo apartekoagoa. Nire hurreko bizimoduan eta jarduera munduan, behiarena izan da arruntena, eta hori espresatzen dogu esnea soilik dinogunean, eta espezifikatu nahi izana ezkero, behiaren esnea esaten dogu, eta nekezago darabilgu: behi-esnea: esnea edo behiaren esnea. Sartaldeko hiztunen joera nagusia, kasu honetan, behiaren esnea esatea da, eta ez behi-esnea.
Baina zenbat eta bereziagotzat daukagun esne mota bat, izen-alkarkuntzara errazago joten dala dirudi.
Ardi-esnea da ezagunena. Artzaintzak indarra euki dauen lekuan zabal erabiliak izan dira ardi-esnea eta baita artesnea be. Gatzatua egiteko erabilten zan esnea. Tor. Etxebarriak dinoan lez: “»Leche de oveja con que se hace la cuajada. Munikolatik izaten genduan ardi-esnia, gatzatua eitteko». Bergarako berbetan: “Artesnia ezta pagatzen balio dabena” (J. M. Elexpuru Bergara).
Ahuntz-esnea darabil Tor. Etxebarria eibartarrak: «Auntz esnia, leche de cabra, que se prescribía a ciertos enfermos. Auntz-esnia artzen zan, esate baterako, errapetik aora, auntzduna etortzen zalako atera» (Eibar). Halanda be, izen-alkarkuntza burutu barik be asko entzuten diran izen-egiturak dira biok: ardiaren esnea eta ahuntzaren esnea, hiztun askori hurragoko egiten jakezan izendapenak, ardi-esnea edo ahuntz-esnea baino.
Eta bide batez gehitu daigun badirala beste esne modu batzuk be, hain ezagunak izan ezta be. Asto-esnea da bat. Iko-esnea ona zalako eretxia egoan lehenago, atzamarretako garatxak kentzeko. Eta gaurko gastronomian sarri aitatzen dan esne mota bat: koko-esnea, alkarkuntza barik be ahoskatzen dana: kokoaren esneari.
Lehenagora jota, Larramendik ugatzesnea be aitatzen dau: “UGATZ-ESNE (ugazezne Lar; ugaz-esne H). «Leche que se da a los niños por sus amas o madres, ugatza, ugazeznea».
Amaieratzat gogoratu daiguzan, esnea beste isurkari edo janari bategaz nahastauta sortu diran beste janari edo edari mota batzuk: arroz-esnea, kafesnea, arto-esnea, talo-esnea, ur-esnea eta beste. Nire hurreko berbetan taloa eta esnea esan izan da gehiago, edota artoa ta esnea beste leku batzuetan. Uresnea, esnea da, baina uragaz mehetua. Lehenago sein jaiobarriei eta gaixorik egozanei eta emotea zan usu. Azkuek jasorik dakarren berbea, hatan be. Kandido Izagirrek Oñatiko berbetan argigarri honegaz zehaztu euskun izena: «Urésne, leche con agua para el niño, enfermo, etc.» (Aranzazu-Oñate).
Adolfo Arejita