Erderatiko kideko berba batez esanda, disgustua hartu ebalakoa. Urdaibai aldean hondino be inoiz entzuna dan hitza, Barruti auzoko jente zaharrari ikasia deukotsat, gaurko hiztunontzat bakan eta bitxi egin arren. “Ointxe hartuko dau harek nahibakoa!” esan ei eban osaba zaharrak familia barruan, hurreko bati emon beharreko notizia txar baten inguruan. Balentin Enbeita bertsolariaren bertso baten be irakurri dot berba hau: “Pozaldietan aztuten jako / lehengo samin nahibakoa” (Nere.Apurra). Beste eskualde batzuetan itandu, eta ez ei dabe ezaguna nahibako berbea.
Gaur nahibakoa esaten danaren era klasikoa, nahibagea da sartaldean, eta nahigabea gainerako eremuetan. Tradizino idatzian lekukoturik agiri dira biak, hurreko esangura bategaz, baina ez guztiz berberagaz: penea, samina. Larramendik argibide polit bat damaigu: “Tristeza de corazón, biotzeko illundu una, naigabea«. Eta Añibarrok be, nahibaga berbearen esanguratzat aitatzen ditu: «adversidad», «aflicción», «mortificación, desazón» eta «sinsabor, disgusto».
Frai Bartolome dogu nahibaga eurrezean darabilenetariko bat. Hara: “Ez da au, neure kristinauak, gorputzeko mina, alea edo naibagea. Ez da au osasuna, kleitua edo aziendea galdu dabelako damua edo garbaia» (Ikasik III). «Judegu errukibageak gorputzean Jesukristori emon eutseezan penak, naibageak ta mingarriak, espirituz ta bere partez barriro emotea» (Ikasik III).
Doluminak agertzea etxeko edo hurrekoren bat hil jakonari, usu da esatea: “Laguntzen dizut nahigabean”, gazt. “le acompaño en el sentimiento» (G. Garate, Azpeitia).
Etxeak sua hartzeko arriskua egoan lekuan pospororik ez izetzea gomendatzen eban haren esana: “Poxpolo bat botatzea naikoa da […] Aurretik ondo begiratu naigabe aundiak zure gaiñera ekarri nai ez badituzu” (Munita).
Nahibakoa izenaren egitura berekoa dogu ustebakoa be, eta esanguraz sarri hurrekoa. Izan be, izen baten esangurearen kontrakoa adierazoteko bako, bakoa erabilten dogu gaur sartaldean, lehenago baga, bagea esaten zanarentzat: lotsabakoa – lotsabagea. Beste moduren batzuk be badira nahibakoa horren hurrekoak: gureztalakoa aitatu eustan Zeberioko seme dogun Juan Manu Etxebarriak. Gureztalakoa eta gureztala lexikalizatu moduan darabilez sartaldeko hiztun askok.
Lehengora etorrita, nahibakoa gitxi entzuna eta gitxi idatzi izan dan izena dogu. Halanda be, Urdaibai aldean ondo lekukotua, eta literaturarako egokia: Nahibakoa hartu dau, Nahibakoa emon deutsie e.a.
Adolfo Arejita