Irakaskuntzatik etorri jakun zalantzea: ea galdera-itaun bat egiten danean inor eta ezer erabili behar ete diran beti, ala zilegi dan norbait eta zerbait erabiltea be.
Norbait eta zerbait, jatorrizko erabilerari bagagokoz, -bait elementudun izenordainak dira. Eta sartaldeko euskeran, lehen normal erabiliak baziran be, euren lekua nonor eta zeozer izenordainek hartu dabe: nor edo nor eta zer edo zer, osorik esanda.
Izenordain zehaztubako edo ezdefinitu guztiok baiezka emondako esaldietan erabilten dira beti edo ia beti. Halan: “Norbait dago ateetan” edo “Zerbait erosi behar da afaritarako”. Eta bigarren erakoak erabilita: “Nonori deitu behar jako laguntzeko”, edo “Zeozer dabil txarto; autoak ez dauka zarata onik”. Baiezkako esaldiak guztiok.
Itaun garbi bat egiten dogunean, joera zaharra eta nagusia, inor eta ezer erabiltea da, esaldi bat ezezka formulatzen dogunean letxe. Halan: Etorri da inor? Inork badaki elikopteroa gidatzen? Ikusi dozu ezer Madrilen egon zaranean?. Edo jatetxe baten, zerbitzariak itaun egitea: Ezer behar dozue? Dana ondo?
Baina gaur egungo berbetan, konturatu barik sartu jaku itaunetan be norbait/nonor eta zerbait/zeozer izenordainak erabilteko joera. Behin baino sarriago entzuten dira: Etorri da norbait? Gura dau nonork? edo Ekarri dozu zerbait? Zeozer gura dozue? eta horreen taiukoak. Baina gehienetan oker erabiliak. Nahastea erderatik sartu jaku. Itaun egiten danean, gaztelaniaz alguien eta algo erabilten dira: ¿Quiere alguien? ¿Quieres algo? Eta nadie eta nada ezezka baino ez dira erabilten gaztelaniaz.
Izenordain horreen balioa guztiz edo osoro mugagabea danean, edo ez-definitua, itaunetan ez dira norbait edo zerbait erabili behar. Eta beste alde batetik, barri samarrak dira bigarren erako egiturok. Akaso onartzekoak dira kasu bereziagoetan. Zeozer behar dozue? itaun egiten dauenak, zeozer apartekoa, zeozer berezia, bila gabiltzan zeozer danean. Edo: Nonor etorri da ala gure preguntaz? Norbait etorriko zan ustea, susmoa geunkan petsonaren bat edo danean.
Ezezka dihardugunean be kasu bera daukagu. Orokorrean inor eta ezer erabilten ditugu. Baina gaurko berbetan, ezagunak dira: Norbait ez da etorri edo Nonork ez dau bere beharra ondo egin. Edo: Zeozer ez dabil ondo ereduko esaldiak. Esaldiok ezezka formulatuak izan arren, baieztapena datza funtsean: Norbait dago etorri ez dana. Nonor dago bere beharra ondo egin ez dauena. Zeozer dago ondo ez dabilena. Horrelakoxeetan da zilegi norbait-zerbait edo nonor-zeozer izenordainak erabiltea, aditza ezezka emona dagoala.
Baina bada beste izenordain tipo bat, bat zenbatzailetik eratorria, inor eta ezer izenordainen eremua estaltzera edo ordezkatzera datorrena: baten bat, berbeta batzuetan bat edo bat aldaeraz erabilia. Batzuetan persona-izenordain lez eta beste batzuetan gauzen eta persona ez diranen izenordain lez erabilten da. Norbait ate-joka dagoanean esatea: Batek bat dago ateetan. Edo boltsikoan geroiazan 12 txanponetatik pare bat zulotik jausita galdu ditugunean, esan geinke: Baten bat edo baten batzuk galdu ditut, hamar txanpon baino ez ditut eta.
Adolfo Arejita