Dakienak dakiHizkuntza

Galdera bateri Hori da! erantzun?

Posted on

Itaun-erantzunak honelan entzuten dira sarri hedabideetan: Itauna: “­Belaunaldi aldaketa ezagutu dozue txarangan, ezta?” Erantzuna:  ‑ “Hori da. Bai, hori da!”.

Gaztelaniaz be, aurretik beste batek esandakoaz bat gatozala adierazoteko formula eginak erabilten dira: “efectivamente”, “en efecto”, eta indar gehiagoz baiesteko aurretik esandakoa:  “Por supuesto”. “Vaya que sí!”. Baina euskeraz sarri entzuten dan Hori da, hori da esamodu horren hur-hurrekoa dan: “Eso es”, edo errepikaturik: “Eso es, eso es” be bai.

Erantzun modu hori zuzena da berez: Hori da, hori da esanez baiestea aurreko berbalagunak emondako argudioa. Halanda be, kalko sundea be badario, zuzena izan eta guzti be.

Esakune hori berori erabilten dogu sarri eta juntagailuaz indartuta, kirol, proba, indarraldi edo saio bikain bat egin dauenari txalo egin edo animoak emoteko. Esku-pelotan sekulako tantua egin dauen pelotariari aupadea emotea, esanez: Hori dok eta!

Baina solaskidearen argumentua baiesteko hori da, hori da, hedabideetan entzuten da gehiago, hiztunen kaleko berbetan baino. Halan dalakoa daukat.

Baina badira beste formula edo esate-modu batzuk, hiztun zeheok gehiago erabili eta hobeto esanda dagozanak, baieste edo arrazoi-emote horri indarra emoteko.

Batzuk-batzuk gogoratuko ditugu:

Bai ba, bai ba!

Hori esan ba!

Halan da! Halan da, halan da bai! Zabalago dabil gure artean: batzuetan halan da soilik, edo indarturik: halan da bai, edo halan da, halan da errepikaturik erantzutea.

Eta modu-adberbio horri indarra emonaz, baieztapena sendotzeko: Halantxe da! Bai, halantxe da! Edo: Halantxe da bai!.

Bai horixe, era indartua be ugaria da.

Bai gero! Kostaldean entzuten da gehiago, beharbada (Lekeition sarri entzun dot), baina barrualdean be bai gitxi-asko.

Baita! Holantxe huts-hutsik erabilten da batzuetan, aurreko arrazoiari indarra emoteko.

Izan be! Hara Paulo Zamarripak zelan darabilen alkarrizketa barruan: «-Dirua itxi dozu emen aiztuta. [batak esan] –Izan be!» [besteak erantzun]. Gaztelaniaz: «Efectivamente!» (Manual.Vascofilo).

Jakina! Jakina baietz! Berbaz

Arrazoia!

Beinke! Beinke be! Berbaz sarri darabilguna, idatziz nekez irakurten dan arren. Gaztelaniaz etorria euki arren, euskeraz indar berezia irabazi dauen formula.

Birritan erabilirik entzuten da berbeta batzuetan. Halan Eibar, Bergara eta Deba harroko herrietan: Beinke-beinke!. Hara Juan San Martin euskaltzainak aspaldi idatzia: “BEINKE-BEINKE (V-gip). Ref.: SM EiTec1 156; Elexp Berg. «Cuando se necesita dar más valor, se dice: beinke-beinke, que es tanto como decir ‘efectivamente'» (SM EiTec1 156). «Beinke, beinke, zeiñek pentsau bia zeban alako alakoik!» (J.M.Elexp Bergara.). «Beinke-beinke. Es una palabra muy de Placencia que se ha perdido casi totalmente […]. Gralmte. repetido, beinke-beinke ‘hombre, hombre, en efecto!’ (A. Oregi).

Harean be!. Neure corpusetik: Etxe elegantea dauka, arean bere, pobre-itxurea eukita!. Gazt. “ciertamente”.

Halabaina ere! Gipuzkera eremukoa. “Eta alabaindanere zu egiaz bekataria eta andia zera, billa itzatzu erremedioak” (G. Arrue Oracio 210).

Egitan!, edo errepikaturik, egi-egitan, be erabilia da erantzun gisa, erdialdeko hizkeretan.

– Iparraldean: Nahiz bai!. J. M. Iribarrenek (Azkain) darabilen eran: “Bainan gizona deus guti da munduko oihanean? Nahiz bai! Gauza handiak bezala, xumeak ere Jainkoak egin ditu” (Hb Egia 40). “Nahiz bai! Lehenago hilen naiz, ezen eginen baitut gaizkia” (Hb Egia 26).

Egia esanda, beste hainbat formula edo esakera dira, beste baten arrazoia on egiteko edo ontzat indartzeko. Eta aldeak izaten dira esamoduetan leku batetik bestera, hizkera batetik bestera. Ez da errez mugatzekoa arlo hau!

Adolfo Arejita