Eguneroko berbetan sarri aurrez aurrekotzen ditugu norbera eta inor, bigarren hau “norbera ez dana, bestea” aditzen emoteko. Halango esaldietan: “Norberak txarto egin eta inori errua bota”. “Norberarentzat gorde onentxoena eta inorentzat hondakinak”. Edo: “Norberak gura ez dauena inori emon”.
Esamodu ezagunak dira: Inoren lepotik bizi, inoren kontura bizi eta horretarikoak.
Gure idazle klasiko moderno onenetariko baten esaldi bategaz on egingo dot, baiezkako perpausan inor, inoren erabiltea: “Soinean dauzkazun prakak inorenak dituzu, eta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nahi zenduke?” (Domingo Agirre Garoa).
Baina ezer izenordainaren kasuan ez da gauza bera jazoten. Ezer ezezka eta itaun egitean erabilten dogu, baina nekez baiezkako esaldietan, salbu menderakuntza egitura batzuetan. Zenbat bider entzun ete dogu urteguna dabenei opeste hau egiten: “Zorionak Urliari bere urtebetetzean eta beste ezer egiten daben guztiei be zorionak” (Bizkaia Irratia). Menderakuntzan, bardin esan geinke: “Ezer behar dozunean deitzea baino ez daukazu”.
Eta adberbioetara etorrita, nonbait eta nonon adberbioen ondoan, ezagunak ditugu inon eta inoiz erak, bata leku esangurakoa, bestea denpora eremukoa.
Inoiz denpora-adberbioa baiezka darabilgu, berbarako, dinogunean: “Inoz ikusi zaitut kalean, baina urruntxotik, eta ez zaitut agurtu”. Edo: “‑Egon zara inoiz Oizen? ‑Bai, inoiz bai, baina orain dala aspaldi.”
Inoiz behin be adberbio ezaguna da, ‘noiz edo behin’ adieraz. Domingo Agirrek darabilen pasarte bat: «eta inoiz bein, erriko jauntxoak be bai, erbesteko txankame batzuekaz nastean, etxetik kanpora ta arrantzalien itxurak egiñaz, ordu alai batzuk igaroteko ustietan». (Kresala)
Ezaguna da inoizko denporan formulea be: “Inoizko denporan halakorik jazo baledi, kontuan izan orain dinotsudana”. Balentin Berriotxoak bere gutun baten dinoanez: «eta orregaitik inozko denporan ortik pasauko balira baiñuetara, alegrauko nintzake berakaz kunpliduko baleu» (Berrio-otxoa VII).
Inoizko graduatzaile lez be erabilten da, atzeko adjektibo edo adberbioa -en konparatzailea daroala. Halan, Eustakio Eulearen «Zazpi nobio» bertsoetan: «Zazpigarrena (nobioa) be daukat / inoizko larrien«.
Eta inon leku-adberbioa, ostera, urriagoa da baiezkako esaldian. Eta beti edo ia beti menderakuntzazko esaldietan. Esaterako: “Inon egotekotan, hementxe topauko dozu bila zabilzan liburu hori”. Edo: “Inon ikustekoak hementxe ikusten dira, beste inon baino gehiago”. Eta inon direnak esapide barruan be bai: “Inon diranak egin ditue, sekulakoak, guri ziria sartu gurean, baina ez dabe lortu”. Edo «Inon diranak arpegira bota deutsoz», «sekulakoak» esateko. Kirikiñoren berbaz: «eta inoz bere gizonagaitik edo bere semeren bategaitik edo etxeko besteren bategaitik inon diranak esaten ebazan» (Aberriaren alde, 147).
Inondikoak be esaten da hurreko esanguraz, inon diranak horren kideko lez, gehiegikeriazko kontestuetan: «Inondikoak eginda be alperrik izan da».
Adolfo Arejita