Hedabideetan solaskide bati entzuniko esaldia: “Erosterako orduan ikusten da benetako interesa zenbaterainokoa dan”.
Erosterako orduan egitura hori ez darabilgu hiztunok geure egunerokoan. ErosTEKO ORDUAN bai, ostera.
Erosterako esaten da, baina bestelako ingurune baten. Halan: Gu joaterako berandu izango da. Esatea lez: gu joan gaitezenerako. Auto hori erosterako diru barik egongo zara. Esatea lez: Auto hori erosten dozunerako, edo erosi daizunerako edo erosi behar dozunerako… diru barik egongo zara. Bardin: Osaba zaharra etorterako, beste guztiak mahaian egozan; esatea lez: etorri zanerako.
Baina erosterako adizlaguna,-rako atzizki soilaz baino, askoz gehiago eta sarriago darabilgu -an inesiboaz lagunduta: erosterakoan. Halan: Auto barria erosterakoan konturatu nintzan gida-karneta kenduta eukostiela puntuak galduta, eta akabuan bape ez neban erosi.
Azkenengo honen baliokideak dira: erosiKERAN, edo erosTEAN, edota erosi ORDUAN. Azken honetan zentrauko gara.
Orduan honek, aditz baten atzean, joko aberatsa eskaintzen dau. Berbeta batzuetan hainbat gehiago beste batzuetan baino. Gehien antzean, sartalderengo berbakeretan esango neuke: Arratia, Nerbioi, Txorierri eta inguru horretan. Baten batek esan leit: gaztelaniazko “a la hora de” egiturearen kalkoa dala. Edozelan be kalko zaharra, eta lehenagoko idatzietan gaur baino askoz erabiliagoa zan.
Aditzari lotzeko hiru era nagusiak, hurrengoak dira:
– Aditz partizipioaren atzean. Esangurea, kontestu guztietan ez da berbera, baina orohar “ondoren, ostean, eta gero” edo -nean atzizkien kideko izan ohi da. Hara, idatzizko testu modernoetan eta ahozkoan jasoriko adibide batzuk:
«Hori dok eta! —esan dot neuk hona heldu orduan, pozaren pozak erasonda» (P. Zamarripa Kili-kili).
“Uraren gargarea entzun orduan, errekea ez egoala urrun konturatu zan” (Labayru Hiztegia).
“Jente piloa ikusi orduan, horreek pentsau eben kontrarioak ginala” (gerra denporeagazko etnotestoa. Etxebarri)
“Umea, kaskondu orduan eskolara hasi da” (Zeberio) [kaskondu daitenean]
“Bazkaldu orduan ekingo deutsagu musean” (Zeberio) [bazkaldu daigunean, bazkaldu eta ostean].
Aditz partizipioaz ondua da Zeberion baturiko errefrau hau be: “Hil orduan zorrak kanpaiak pagau” [hil eta gero].
– Aditzizenaz be sarri darabilgu: eroste orduan egiturearen arabera. Hitz bakarrean fusionauta entzuten da gehienbat: erostorduan. Esangurea: “bitartean, artean”.
Klasikoen artean Mateo Zabala bilbotarra dogu egitura honen lekuko bikaina:
“eta oneek eztituez aldapara […] bota bear, esaminea egitorduan [egiten dan]” (Irun).
“nosik bein [aldian bein] edo erlojuak jotorduan edo alangoetan abemariatxu bat edo beste orazinoren bat esan” (Irun).
Aditzizena osorik, -teko orduan egitura, goikoa baino ezagunagoa da, eta gaur egun be hiztunen artean zabal dabilena. Idazle beronen lekukotasunak dira:
“eta gero tranpak estalduteko, kontuak emoteko orduan tranpa barriak” (Irun).
“eta konfesetako orduan ezer eztan gauzaren ganean estutasun ta larrikuntza andiak erakutsi daroezanak” (Irun).
– Aditz jokatuagaz. Egitura batzuen barruan, laguntzaile aoristoagaz, gaur egun bakan erabilia da, baina tradizinoan ondo lekukotua. Esaterako: Erosi dadiN ORDUAN.
Barrutia eskribauaren XVIII. mendeko teatroko pasarte bi:
“Kontatzen asi didin orduan jarririk eskaratzean, / ene kulpea jausiko da alabearen ganean.” (Acto).
“Auxe dok auxe / gure morroe alper kazadorea. / Kazara doean orduan / beti aldamenean botea. / Ak ari sarri emon oi jeutsak / apa gozo dulzea.” (Acto).
Adolfo Arejita