Huts edo bapez ointzat hartuta, kirol arloan entzuten diran husna edo bapezna erabiltea ontzat hartu daiteke?
Auzia husna eta bapezna zenbatzaileen egokitasunaren inguruan da. Eta auzi hau aurretik Euskararen Akademian be izan da, husna horri Euskaltzaindiaren Hiztegian sarrera emon behar jakonentz eztabaida sortu izan danean.
Aurreratu daigun, bai Hiztegiak eta bai Euskaltzaindiaren Eskuliburuak ontzat emonda daukiela husna zenbatzailea. Hara hitzez hitz hor agiri dana:
“Husna hitzak ez du tradiziorik, baina gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegian badu sarrera. Husna amaitu zen partida. Realak eta Athleticek husna egin dute. Baditu sinonimo egokiak ere; adibidez: hutsean eta huts eta huts”.
Sareetan bolo-bolo ibili da, -na atzizki banatzaile hau zero, huts eta bapez zenbatzaileakaz erabiltea komeni danentz ala surtara jaurti hoba ete dan.
Ezetzaren alde agertu diran arrazoiak: batetik, ez daukala idatzizko tradizinorik (eta egia santua da hori); bestetik, huts, zero edo alemanezko Null kontzeptu-adierazle diran hitzok ez dabela zenbatze kopuru zehatz bat espresatzen, justu kontrakoa baino: zenbatzerik eza edo kopuru-eza. Hori dala-ta eurok hobetzat joten dabe hutsean edo huts eta huts erabiltea, 0-0 emaitzaz dirauen bitartean partiduak. Hutsean dagoala partidua, gure hedabideetan aspalditik onartua dan adizlaguna da. Zertan esanik ez, hainbako eremuetan be ugari darabilgula: Gure ames guztiak hutsean geratu dira; txakur-ames bihurtu dira. Bigarren aukera horrek be (huts eta huts) tradizinoaren apurrik ez dauka, baina aukeran eskainiko genduke 0-0 emaitzarentzat.
Bapez hitzak, zenbatzaile kategorian, berbazko erregistroan dauka berme sendoagoa idatziz baino. Urrun joan barik, hara Labayru Hiztegian, kirolaren eremuan, agiri diran adibideak: “Bi eta bapez amaitu zan partidua: El partido terminó dos a cero”. “Bapezean itxi eban igazko txapeldunak pelotari gaztea: El campeón del año pasado dejó a cero al joven pelotari.”.
Neure corpusetik atera ditut hurrengo biok: “Hiru eta bapez irabazi eban etxeko taldeak”. “Bapezean itxi dau aurkaria. Usainik be ez deutso egin. Aldea makala!”. Bapezean doazela jokalari bi edo talde bi, berbaz normal esaten da sartaldean.
Bapeztu aditza be garatu da bapez zenbatzaile horretatik, leku batzuetan behintzat. Labayru Hiztegiak dakarren adibidea: «Arrain hori gure kostan bapeztu egin da: Ese pescado ha desaparecido de nuestras costas», ‘urritu, aldendu’ esateko. Eta bide beretik, hurreko esangureaz erabilten dabela ziurtau deusku Abeliñe Erauskin Labayru Fundazioko irakasleak, Bermeoko alabea bera. Pertsonakaitik esaten ei da: bat, lehen mardo, sendo edo mamintsuago egon dana argal-argal eginda, hazurra eta azala baino ez dala dakuskunean, esaten ei da: «Hori andrea bapeztuta geratu da». «Zu bapeztuta zagoz!». Leku gehiagotan esaten da hori bera, leku batzuetan: ezerezean edo ezebezean gelditu dala, edo ezebeztuta ikusten dala.
Bapez, zenbaki modura berbaz sartaldean zabal dabilela esango neuke. Esku-pelotan, txikitan be, kontaduria halan egiten genduan: «-Zenbana doaz? -Bi eta bapez«. Baina partidua hasi barri baegoan eta hondino tanturik inork egin barik, eta baten batek itaun egin, ea zenbana doazen, erantzunik normalena izango zan: bapezean. Baina bapezna be berez-berez garatu dabe hiztun euskaldunek, analogia bidez: bana, bina, hiruna, hamarna esaten dan egiturei men eginez, bapezna esatera heldu dira hainbat lekutako hiztunak: Bapezna doaz. Hondino tanturik batek be ez dau egin. Nekezago esaten izan dala esango neuke bapez eta bapez doazela.
Kirol kontuan aditu handia eta esatari hobea dan Ramon Basaldua kazetaria hasarreak hartu eban lehengo egun baten, sare sozialetan bapezna erabiltea burlazahar hartu eban baten komentarioa irakurri ondoren, eta honako erantzuna idatzi eban Facebook-en: «Bateren bateri barregurea eta lotsea eragiten deutso Bizkaia Irratian bapezna esateak, emaitzea 0-0 dala adierazoteko. Nik bapezna esaten dot, bai; nire etxean, nire herrian eta Bizkaian bapezna esan dogu beti». Idatzi horretan dinoana bere aitaren testigantzeaz sendotu eban: Bermeon beti halan esan eta entzun izan dabela: bapezna.
Bapezna, bizkaieraz erabilteko, jakina. Batuz *batere ezna ipintera nekezago ausartuko ginake beharbada. Huts hitz zahar magikoa egokitu zan aspaldi zientzia arloan, zero maileguzkoa baztertzeko edo. Eta huts hori, zenbatzaile lez, indar handia harturik dago aspaldi batetik kirol eremuan; nahiz gauza jakina izan, zenbatzaile kategoria horretan berez sasikoa dala, kirol kontuan zein hainbakoan. Eta horretatik garatu da husna tradizino bako hori be. Moda barrikoa, bai, baina sekulako ospea irabazi dauena; eta gaur ontzat hartua.
Matematika eta zientzia gaietan, bestetik, zero mailegu-zenbakia sartua, hartua eta onartua dago. Akorduan daukagu orain dala hainbat urte Eusko Jaurlaritzak bultzatu eban kanpaina bat, Zero akats lelopean.
Zero kilometro be ardura barik esango genduke, A. Anabitartek bere elabarri baten aspaldi idatzi ebanez: “Kilometro «huts» (zero)-ra iristean, oraindik beste bost kilometro paltako dira” (Aprika).
Bizikide ditugu, gura nahi gura ez, zero, huts eta bapez, eta bide horri ekinez, zerona, husna eta bapezna. Irauteko esperantzan sartu jakuz etxe barruan.
Adolfo Arejita