Guztiz ezaguna eta eztabaidatua dan gramatika puntu bat dakargu, Segundo Oar-arteta euskerahobezaleak, Labayru Fundazioaren bidez oraintsu helduazo deuskun zalantza-itauna.
Erreprozidadea adierazoten dauenean aditz jakin batek, ikusi kasu honetan, ea ze bide ontzat emon horretarako da galdera. Aukeran bi emon jakuz goiko itaun horretan: ikusiko gara ala alkar ikusiko dogu? Edo ordenea aldatuta: ikusiko dogu alkar.
Zalantza eta ezbaia, gramatika ikuspegitik barik, hiztunon erabilerearen aldetik sortzen da batez be. Izan be, hiztunok, gramatiketan emoten diran aholkuak gorabehera, egunerokoan normal esaten dogu: Bihar ikusiko gara, gomendiotzat emoten jakun bihar alkar ikusiko dogu dalakoaren lekuan; edo: neska-mutilok atzo egon ziran eskiatzen, gomendiotzat alkarregaz izenordain soziatiboa gehitzea emon izanagaitik.
Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasean itaun hauxe berau egin jaken Euskal Herri osoko hiztun edadekoei, ea zelan esaten eben «Nos vimos ayer», eta askotariko erantzunak jaso ziran. Laburrean, hara eredu diferente batzuk.
– Alkar izenordaina barruan sartuta:
Aditz transitiboagaz: Atzo alkar ikusi gendun edo eredu bereko erantzuna emon eben askok, euskal gramatikan gomendatzen dan bidetik. Getxon edo Getarian, kasurako. Eta Iparraldera joanda, Uztaritzen: Atzo ikusi dugu elgar. Irisarrin: Elgar ikusi dugu atzo. Eta Zuberoako Altzain: Atzo elgar ikusi dizugu.
Beste inguru batzuetan, aditz iragangaitzaz batu izan da alkar. Halan: Atzo alkar ikusi ginan, Atzo ikusi ginan alkar ereduko erantzunak jaso ziran Nafarroako Arbizun eta Eugin, eta bardin beste leku batzuetan. Eredu bereko erantzun bat, baina geroan emonda. Goierriko Legazpian: Alkar ikusiko gara gero.
– Baina adierazgarria da, berbeta batzuetan alkar ‑edo bardin elkar edo elgar ‑, izenorde hori barik emon ebela erantzuna leku askotako hiztunek. Bestetara esanda: alkar izenordainik ez erabilteko joerea agiri dala hainbat hizkeratan. Hara hurreko eta urrunagoko erantzun batzuk:
- Laukizen, ikusi gara, aditz iragangaitzaz erantzun eben: baina alkar barik. Leitzan be antzera: Atzo ikusi ginan.
- Arrietan, ikusi gendun aditz iragankorraz, baina alkar barik. Atzo ikusi gendun / ginun Arrasaten, Lasarten edo Donamarian.
- Zornotzan, alkarregaz, arkalaz izenordain soziatiboagaz batu zan erantzuna: Gu atzo ikusi ginan arkalagaz.
Zein ondo edo zein txarto dagoan ebaztea ez da bape erraza, euskal hiztunek lekutik lekura hain era diferenteetara erantzun dabela ikusirik. Errazago da esaten, zein eredu gomendatu euskera jasoan, hedabideetan, administrazinoan edo irakaskuntzan erabilteko, zein okertzat emon ebazten baino.
Alde horretatik alkar ikusiko dogu, alkar ikusi genduan eredua lehenetsiko gendukez. Baina ez gendukez, halanda be, txartzat joko: ikusiko gara, ikusi izan gara, ikusi ginan edo taiu horretako aditz egiturak; hau da, alkar izenordain bakoak. Arrazoia: hiztunen erantzun naturalak diralako.
Aditzagaz zelan lotu alkar, esaldi barruan sartzen dogunean? Horretan lege zorrotzagoa daukagula esan lei. Halan esango dogu: «Peruk eta Mariak alkar maite dabe«, baina aditza singularrean dala, eta bazter lagako gendukez: «Peruk eta Mariak alkar maite *ditue» tipoko erantzunak. Eta adiztzat gura izan hartuko bagendu, bardin: «Peruk eta Mariak alkarri asko gura deutsie» edo «diote», baina ez «*diete».
Gogoratu daigun, alkar bere soilean baino, sarriago darabilgula deklinatuta: Alkarri: “alkarri lagundu, alkarri egundokoak esan, alkarri guraizana deukotsie”. Alkarrentzat: “alkarrentzat ez daukie gauza onik”. Ugariagoa da alkarregaz soziatiboa: “Egongo gara alkarregaz”. Baita alkarren genitiboa be: “Ondo dakie alkarren barri. Txakur-katu dabilz alkarren kontra. Edertotxo bizi dira alkarren ondotxoan”.Urriago darabilgu, ostera, alkar leku-denpora kasuetan: alkarregan, alkarregandik, alkarregana edo alkarreganako.
Berba-ekarri honetan akordura jatortaz behinolako herri-kopla umorez beterikook: “Aitite ta amama / egurretan dire. / Azkorea galdute / hasarratu dire. / Aititek amamari / gonetatik tire, / amamak aititeri / praketatik tire. / Tiretu ta tiretu, / prakazarrak apurtu. / Tire ta tire, / alkarrenak dire, / tire ta tire / konponduko dire”. Herri-kantatxu honetan alkarrenak dira esaten da: alkarrenak izan aditz multzoa. Baina bestetik konponduko dira, erreprozidade adierazlea hau be. Esanguraz, konponduko dira horren azpian alkarregaz konpondu edo alkar konpondu dago, baina alkar izenordain barik adierazoten da aditz ekintzaren erreprozidade zentzua.
Adolfo Arejita