Alaba-bakarraren inguruan ditugun errefraurik gehienak gatxereste zentzukoak dira. Familia egoera horren alde txarrak aideratzen dira sarriago. Eta alaba-bakar izatearen oste txarron artean aitatu leiz batzu-batzuk.
Badira gurasoen nahibagea eta samina agiri dabenak; alaba-bakar horrek eurei bizimodu txarra emoten deutsielakoa.
Barkar-izatearen konparagarritzat elementu diferenteak azaltzen dira. Haretx bakarra batzuetan. Hurrengo honek dino: «Aretx bakarra ta alaba-bakarra ugazaba ta amaren negarra» (Mokoroa OE 91426). Gipuzkeraz antzera: «Haritz bakarra ta alaba-bakarra, ugazaba ta amaren negarra» (EY 1267). Nafarroako batek, gurasoa zahartzaroan txarto tratatu izana darabil ahotan: “Etxeak alaba bakarra, amak zahartzian estimazio txarra» (Intza EZ 1582).
Bada gipuzkeraz, alaba bakarraren adur kaldarra aitatzen dauen bat, erderaz “mala baba” esango bagendu lez: «Zuhaitz bakarra ta alaba-bakarra, izan ohi dute adur kaldarra» (Aierbe E. Esnalea 1916, 145) (DRA).
Gaztaina bakarra be aitatzen da konparagarri beste batzuetan: «Alaba-bakarra eta gaztaina bakarra galdu egiten ei dira» (Zavala EEZZ 80). Konparantza berau darabil beste errefrau batek be, alaba bakarra txarto hazia izan ohi dalakoa salatuz: “Alaba-bakarra eta gaztaina bakarra, gaizki hazi” (Garate. Atsotitz 456).
Mezu gaitzesgarriaren irudi dira beste gehiago be: “Alaba bakarra, etxean gerra” (Garate. Atsotitz 451) dino batek. Beste batek, bakar adjektiboa errepikatuz, alabea deabruagaz bardintzen dau: «Alaba bakarra, debro bakarra» (Intza EZ 2419).
Ohar bedi, aurrekootan bakarra – negarra – kaldarra – gerra hitzen errima jokoa.
Alaba-bakarraren ezereztasuna edo hutsaren hurrengo izatea familiarentzat, errefrau batzuen epai gordin zorrotza: “Alaba bakarra ta bapez bardin” (Garate. Atsotitz 452); ekialdeko bertsinoan: “Alaba bakarra baino deus ez hobe” (Garate. Atsotitz 455).
Badira, halanda be, esakuntza gitxi batzuk, alaba-bakarraren alde ona goratzen dabenak be; alaba-bakarraren onurak eta mesedegarritasunak mintzagai dituenak. Goiburuko esakuntza hori dogu alaba horren onezkoaren erakusgarri on bat: “Alaba bakarrak surtako hautsa be berea”. Mungialdean entzun izan dot esakuntza hori. Antz-antzeko aldaera bat be badauka, segurutik ez urrunekoa: “Alaba bakarrak surteko hautsa be berarentzat” (Garate. Atsotitz 457). Surtako hautsa dagoan lekuan sutondoa dago, etxea eta lurra dago; surtako hautsa nora bota be bai: ortua. Berba baten, ondasunen jabe dala alaba-bakar hori; ezkontza on baterako berme segurua.
Baina mesedegarritasun horrek bere baldintzak behar ditu: bakarra bai, baina ondo hazia izatea. Gipuzkerazko honek dinoan bidetik: “Ongi hazia dan alaba bakarrak, arto-bero usaia zeramak» (A. Zavala EEZZ 2375).
Ez daigun ahaztu, halanda be, alaba bakarren haziera txarra topiko ezaguna izan dala gure tradizino idatzian be, Agustin Kardaberazen pasarte honek agiri dauen lez: “Dama bat bere erara, Jainkoaren bildur gabe azi, ta bizi zan, seguru ere alaba bakarra, ta ala gaizki oitua” (Ejerzizioak II 190).
Bide batez gehitu daigun, sustrai zaharrak dituan sineste bat badala gure gizartean be, gurasoen borondatea izaten dalakoa alabea etxerako, eta, esan barik doa, semea edo semeak nahinorako. Hemen ez da aitatzen alaba bakarrik; alabea soilik. XVI. mende hondarreko errefrau hau dogu lekukorik gardenena: “Oasun ezein baiño obea / zarzaroko alabea” (RS 531). Gaztelaniaz: “Mejor que cualquier bien para la vejez la hija”.
Adolfo Arejita