Hemen da aurten be Loraldia festibala, kulturaren esparru guztietako egitasmoakaz programa zabala osotuta.
Loraldia hasi zanetik, kulturaren transmisioa izan dau helburu nagusietako bat. Etorkizunera begira dagoan kultura proiektu bat da, gure iragana alde batera ez ixtea zaintzen dauena.
Hautsi zen anphora! da aurtengo edizinoko leloa, oin dala lau hamarkada Atxagaren Etiopia liburutik abiatuta Ruper Ordorikak egindako lanean oinarrituta.
Martiaren 27ra bitartean Bilboko 15 gunetan hainbat jarduera proposatzen ditu Loraldia 2022 jaialdiak. Diziplina asko ikusteko aukerea egongo da: musika, dantza, teatroa, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak,…
Aurreko edizinoetan moduan, euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, kasurako: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor, Eulalia Abaitua. Eta gaur egunekoak oholtzan: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi, Aukeran Dantza Konpainia… besteak beste.
Aurten, gainera, gazteen sormenaren harrobi barria proposatu dau Loraldiak Zorrotzaurreko irlan, gazte eta talentu barrientzat; horixe 8. edizino honetako barrikuntzetako bat, Loraldia Terminala izenekoa.
Horrezaz ganera, betiko moduan, euskeraz egindako kulturaren zabalkundea eta emakume sortzailearen aldarrikapena izango ditu jomuga.
110 artista baino gehiago igongo dira eszenatokietara, eta barriro be, Bilbo euskeraz egindako kulturaren uriburu bihurtuko da.