Esakuntza hau Sabin Barruetabeña fraile euskalzale handiari ikasi neutsan aspaldi. Bollibarko semea bera, Eibar eta Ermua inguru horretan luzaroan bizi izana, eta Bilbo Herri Irratian hainbat urtetan lankide hurreko izan genduana.
Etxea eta etxeak bi ugazaba izatea dira esakuntza honen ardatzak. Eta ondorioa, kaltea.
Beste esakuntza batzuetan, txakurra da protagonista, etxea barik. Sartaldeko bertsino batek dino: «Ugazaba biko txakurra goseak hil». Erdialdetik ekialderantz, ugazaba baino gehiago nausia esaten da, eta halan entzuten da errefrauan be: “Bi nagusiren txakurra, goseak hil» (Garate Atsot 9900 / 13583). “Bi etxetako zakurra goseak hil. Ez batean ez bestean jatera ez ematen” (D.Intza EZ 1543).
Azkuek Euskalerriaren Yakintza bilduma urrezkoan, batzuetan txakurra, besteetan hora irudizko animaliatzat hartuta, honakoak dakarz jarraian. Bi, alkarren aldaera garbiak: «Bi etxetako zakurra goseak jan» eta «Bi etxetako xakhurra goseak hil» (EY 421).
Hurrengo biotan zarea eta hora aitatzen dira, etxea eta jabea protagonista dirala: «Bi etxetako horak zarea gora» dino batak, eta: «Bi jaberen horak zarea gora», besteak. Hora, gaztelaniaz «mastín» deritxon txakurtoari esan izan jako, eta zarea, Iparraldean, jateko askeari.
Baina ganaduaren jateko askeari ganbela be ohi deritxo hizkera batzuetan, eta halan eihoa da hurrengo hau: “Bi jaberen zakurrak ganbela urruti” (Zavala EEZZ 617).
Arrantza langintzari dautsala be aitatzen da ontzian patroi edo nagusi bat baino gehiago izatearen zorigaiztoa. Azkuek dakarren bat: «Txalupan nagusi asko dagozanean, arrantza gutxi» (EY 262). Eta A. Zavalak hurrengo hau, edukiz osoatuago: «Txalupan nagusi asko, arrain gitxi ta zorra asko» dino batean (EEZZ 2741), eta: «Nausi asko dan ontzijan, arrain gitxi» bestean (EEZZ 2182).
Adolfo Arejita