XVI. eta XVII. mendeetako errefrau-bildumetan hainbat errefrau dira, edo lastozko buztana, edo amukozko buztana batetik eta bildurra bestetik aipu dabenak. Eta goiko aldaera hori, Isasti kronikagile gipuzkoarrak onduriko bilduman agiri da.
XVI. mende akabuko RS bilduman hurrengo biok agiri dira euskera-erderan. Bata: “Lastozko buztana dauenak / atzera begira. // Quien tiene rabo de paja / hacia atrás mira” (202). Bestea: “Amukozko buztana dauenak / suen bildur. // Quien tiene cola de estopa / al fuego teme.” (324). Azkuek bere Euskalerriaren Yakintza bilduman be jasorik dakar lastozko buztana autugai dauen hurrengo hau: «Buztana lastozkoa duena suaren bildur.» (1022).
Errefrau honen merituetariko bat, ez txikia, gaurgino bizirik iraun izana da. Izan be, Holmer ikertzaile euskarazaleak Gernika, Bermeo eta alderetan lehengo mendearen erditsuan batu ebazan berbazko testuetan era lauagoan honelan formulaturik agirira eban: “Bildurra daukozu, galtzuzko buztana daukozulako”.
Errefrau bera, baina buztana barik, sabaia aitatzen dauela, daukagu hurrengo honetan: «Sabaia lastoz dabena, subaren bildur» (Zavala EEZZ 2532). Sabaia esaten da Urdaibai aldean, Uribe aldean lasteia (edo lastategia) izena jakonari. Sabaia suak hartzea hondamen gorria zan baserrietxe batentzat; etxe osoaren triskantzea, azken baten.
Gaur egun ez da asko entzuna esakuntza hau. Baina idatziz lehenengoz agertu zanetik, harik eta Azkuek eta Holmer ikertzaileek mendeak garrenera barriro batu izan daben arte, urte luzeak, lau mende igaro dira. Eta esakuntza zahar bat, gaurko edo oraintsuko euskaldunen ezpanetan atzera entzuteak poz, argi-izpi eta itxaropena emoten dau. Hizkuntzaren eta herri-jakintzaren transmisinoak bizirik dirauen seinale garbia, hatan be.
Adolfo Arejita