Lehengo egun baten entzuniko esaldi bat: “Bakotxak daukaguz geure gauzak”. Gure zalantzea da: Bakotxak geure gauzak ala bakotxak bere gauzak. Pertsona bat, modu pertsonalean barik, era neutro ez-pertsonal batez seinaletako, izenordain kategoriako edo izenordain-moduko hitz diferenteak erabili daroaguz. Bat: “Batek esaten dauena egin behar beste guztiak”. Norbera: “Norberak gura dauen guztia egitea ez da laketu behar!”. Eta bakotxa: “Bakotxari berea, euskaldunen legea”, esaereak dinoan lez.
Horretariko izenordainari jagokon aditza, berez, 3. pertsonakoa da. Batek hau esango dau. Norberak zeozer gura leike. Bakotxa berearen alde egongo da.
Baina goiko esaldira bihurtuta, entzun doguna ez dator bat lege horregaz. Bakotxak daukaguz geure gauzak badinot, guk daukaguz geure gauzak esaten gagoz, baina subjektutzat guk ipini ordez, bakotxak ezarrita. Eta hor dago untzea: zuzentzat emon ala ez, hirugarren pertsonara aldatu daiteken aditza.
Norbera eta bat izenordainek, okerren bat ez bada, 3. pertsonako aditzagazko akordioa jagoten dabe beti, baina bakotxa izenordaina malguagoa da horretan. Alde horretatik, gure eretxian, ontzat emotekoa dateke bigarren egitura hau be; hau da, bakotxak daukaguz esatea guk daukaguz dalakoaren ordez. Bestela esanda: guk 1. pertsonako pertsona-izenordainaren lekua bakotxak 3. pertsonakoak estaltzea.
Baleiteke gramatika kontuetan zorrotzegia dan bati irrintza egitea akordio-desadostasun horrek. Baina hiztunen belarrietan ez deritxat irrintzarik egiten dauenik; gozo eta berez lez sartzen da. Ordezkapen naturala da hiztunontzat, pentsau barik eta era automatikoz egiten doguna. Azken baten, egiten dan ordezkapena, gu 1. pertsonako hitz markatuaren ordez bakotxa 3. pertsonako hitz neutroa sartzea da; pertsona-marka espezifiko batez seinalatu ordez, era ez-pertsonal batez, era neutro batez, adierazotea. Beste berba batez esanda: bakotxa izenordainak eremu zabalagoa hartzen dau nik, guk, zuk, zuek izenordain pertsonalek baino. Halanda ze, ontzat jotekoa da, Bakotxak daukaguz geure gauzak ereduko esaldi hori.
Gaztelaniaz be, batez be Andaluzia partean, ohikoa da entzutea: “Si me quereis, irse!”, ‘iros’ 2. pertsonakoaren ordez. Berba horreexekaz erregutu ei eutsan Lola kantari ospetsuak, bere alabea Marbellan ezkondu zanean, han batu zan jentetza negargarrizkoari.
Adolfo Arejita